Urriaren 13an argitaratu zen Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean Oñatiko udalak osoko bilkuran, irailaren 25ean, hartutako erabakia.
Hemendik aurrera, parte hartu nahi duten enpresek 26 egun dituzte enkantera aurkezteko. Aparkalekuen proiektua Etxegarai-Zelaia arkitektuek prestatu zuten, eta hori burutzea egokituko zaio enkantea irabazten duen enpresari. Sei hilabete izango ditu horretarako. 330.743,42 euroko aurrekontua ezartzen du Oñatiko udalak.
Aspalditik datorren proiektua
Zubikoa kiroldegiaren inguruko aparkalekuak egiteko asmoa aspalditik dator. Izan ere, Oñatiko urbanismo premiarik handienetako bat da, hain zuzen, aparkaleku gehiago egitea. Zubikoako aparkalekuez gain, beste gune bat prestatzea du pentsatuta udalak, Agustinoen eliza inguruan.