Txipi Ormaetxea: "In-de-pen-den-tzi-a"

Erabiltzailearen aurpegia Txipi Ormaetxea 2011ko api. 6a, 02:00

Holaxe, sei silabatan ahoskatua. Edo "euskaldunago" gura baduzu, burujabetasuna.

Egunotan 11 urte igaro dira aita joan zitzaigunetik, eta hura gogoan dudanetan sarri akordatzen naiz bere bizitzaren azken aldera askotan esaten zigunaz: "Nik ez dot ezautu, eta zeueik be ez dozue ezautuko". Gure herriaren askatasunaz ziharduen, jakina. Independentzia gura izateko, hainbat arrazoi daude. Lehenengo datozkidanak sentimenduzko arrazoiak dira, normalean etxean eta txikitatik jasotzen direnak. Eta horretaz ez dut ezer gehiago esango.

Gero badira arrazoi kulturalak, eta uste dut hizkuntzarena, gure kasuan euskararena, funtsezkoa dela. Nago asko izango garela euskararik bako Euskal Herririk gura ez dugunak. Ni gutxi ibilia naiz munduan, eta seguruenik ez dut ikuspegi/ikuspuntu zabalik. Baina Gotzon Garate zenaren lekukotasuna ekarriko dut hona. Eta hura bai bazen oso ibilia munduan, eta hizkuntza mordoa zekizkien. Begira zer esaten zuen euskararen etorkizunaz: "Uste dut euskaldunok independentzia lortuko bagenu eutsiko geniokeela euskarari. Baina, independentziarik gabe, galdu egingo da".

Ekonomia da jende askorendako inportanteena. Eta ba al dago arrazoi ekonomikorik gure herria beregain bihurtzeko nahia izateko? Duela urte mordoxka famatua egin zen Arzalluzen esan hau: "¿Para qué queremos la independencia, para plantar berzas?", edo antzeko zerbait. Gaur ez dut uste gauza bera esango lukeenik. Alde guztietan entzuten eta irakurtzen ari naiz Espainia, esaterako, hegoaldekoondako zama ekonomikoa dela. Badugu hemen beste argudio bat abertzale epel edo are abertzale ez direnak independentziaren onurez konbentzitzeko.

Zaila izan arren, independentziazaleok buru-belarri jokatu beharko genuke norabide horretan. Pozez beteko ninduke gure aitaren iragarpenak huts egiteak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak