Andoni Elejalderi erantzuna

Erabiltzailearen aurpegia Rikar Ayastui Apezetxea 2017ko eka. 23a, 00:00

Egubakoitzeko GOIENAn, 732. zenbakian, Aramaioko atalean, argitaratutako iritzi baten harira idazten dut.

 Andoni Elejaldek ondorengoak esan zituen Errepide nagusien erabilera testuan: "Bizikletan ari den jende gehiena denbora librean dago eta hauetako asko jubilatuak dira (...) Batzuen gozamenerako beste batzuen beharrak oztopatzen dira, eta hori errespetu falta da…". Ondorio honetara iristen da bailarako errepideetan daukagun egoera aztertuta.

Bizikleten eta automobilen arteko elkarbizitzan, bizikletek autoak oztopatzen omen dituzte… Errepide sarea auto-gidariena soilik dela usteko du honek… Lanera kotxez joaten diren beharginek bakarrik erabili ditzaketela… Txirrindulariek ezin omen ditugu errepideak gure gozamenerako erabili… Lanera bizikletan joaten denik ez dagoela usteko du honek… Baina zer uste duzu zuk: zurea bakarrik dela errepidea, edo? Guztiok ordaintzen ditugu zerga berdinak eta errepideen mantentzea. Bide sarea publikoa da, autoz, bizikletaz zein traktorez ibili! Eta zure proposamenarekin, berriz, jota geratu naiz: "Astegunetan, soilik entrenatzen ari diren txirrindulari autorizatuei zabaltzea errepideen erabilera…". Bailaran bizikletan ibiltzen garenotatik, zenbat dira profesionalak? Lanera bizikletaz doazenak zuk eramango dituzu lanera?

Ni ere jubilatua naiz eta nire denbora librean, nire gozamenerako erabiltzen ditut bailarako errepide eta bidegorriak. Kontua da, zoritxarrez, ez dela horrenbeste inbertitu bidegorri sareetan, zuk esaten duzunaren kontra. Bidegorri sarea ez da beharko genukeen bezain zabala. Ez daukagu bizikletarako kultura eta balore transmisio egokirik. Zure iritzia da horren erakusle. Askotan hartzen dut Aramaioko bidea, trafiko gutxiago egongo delakoan. Hemendik aurrera, Aramaion bizi zarela suposatuz eta lanera kotxez mugitzen zarela pentsatzean, birritan pentsatuko dut bertako bidea hartu ala ez. Ez naiz arriskatuko!

----------

Rikar Ayastui Apezetxea

Jubilatua eta zikloturista 

Oñati

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak