"Hausnarketa"

Erabiltzailearen aurpegia Pedro Garitano 2013ko aza. 9a, 01:00

Larunbat iluntzean Miguel Gonzalez Bastida jaunak merezi zuen azken agurra jaso zuen...

... elizkizun eder batekin.

Bergarako musika bizitzan pertsonaia historikoa izan da, bere jaioterriko mugak ere gainditu dituena. 

Baina zutabe honetan ez nator bere alde hori goraipatzera, merezimendu guztiekin bere nortasun eta obra ederra sarritan azpimarratua izan baita.

Lerro hauen bidez adierazi nahi dut bere hileta elizkizunean gertatutako zerbaitek hunkitu ninduela. 

San Pedro parrokia beteko zela aurreikusten nuen, baina zer esan koruari buruz...

Ez dut beharrezkoa ikusten Bergarako koru-musika bizitzaren historia azpimarratzea, ez eta Bergarako Orfeoiak izan zuen ospea gogora ekartzea,  Bergara V-rekin idazten zen haietan... eta ezta Bergarako Orfeoia Euskal Herrian abesbatzen arloan erreferente izateari utzi zion gorabeherak ere, baita Espainiako Estatuan ere, azken hamarkadetan horrek guztiak eragin didan nostalgia...

Baina horra hor nostalgia hori erabateko poztasun bihurtu zela arratsaldeko bost eta erdietan, elizako koru zahar zein ederra kantariz bete-beteta ikusterakoan, Bergarako abesbatza guztiak han ordezkatuta, eta fede ematen dut telefono dei gutxi batzuk nahikoa izan zirela, Realaren eta telebistan ematen ari ziren pilota partidak alde batera laga eta arratsalde desatsegin baten San Pedroko koru zaharrera hurbiltzeko, elizkizuna hasi baino ordu eta erdi lehenago, On Eustaquio Azcarate-Ascasuaren Libérame eder zein hunkigarria entseatzeko.

Bertaratutakoen eta nire goraipamenik behar ez duten zuzendari zein organo jolearen interesa nahikoa izan zen Miguelek berak idatzitako meza eta aipatu Libérame maila altuan interpretatuak izateko.

Baina hori ez da albistea, edo ez, behintzat, nik gaurkoan azpimarratu nahi dudana, baizik eta izan nuen pertzepzioa, izan nuen poza eta betetasuna 90 abeslari elkarrekin ikusita eta bertakoen komentarioak entzunda, Bergarak badu maila gogoratzen dugun antzinako ospea berreskuratzeko.

Eta zer da beharrezkoa hori lortzeko? 

Lidertza, lider errespetatua eta baliagarria, erraz lortzea ezin izaten dena inoiz, baina Bergaran, edonon moduan, zalantzarik gabe existitzen dena.

--------------------

Pedro Garitano

Bergara

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak