"Euskaraz bizi, bizi-bizi"

Erabiltzailearen aurpegia Oskar Elizburu 2012ko ira. 7a, 02:00

Umeak Bizia/en vivo leloak dauzkan bihotz bat ikusi du plazan...

... farolatxo batetik zintzilika. Haizeak dilin-dalan darabil, koloretsua da eta umeak, begira luzaroan egon ondoren, harrituta galdetu dio aitaitari ea zer den. 

Aitaitak ez daki argi zer esan; bihotzean jartzen duena bizia da, besterik ez, eta ondoan daukan lagunari galdetu dio ea zer ote den. 

Lagunak ideiarik ere ez dauka, baina gauza izan da tupustean zerbait asmatzeko eta umeari zera esan dio: 

"Begira, maittia, bihotzak ematen digu denoi bizitza eta horregatik irten da hor ere, bizi-bizi dagoelako!". 

Ez dakigu umeak zerbait ulertu duen, baina aitaitak bai, bizi-bizi erantzuteak asko balio duela; izan ere, umea bere jolasetara bueltatu da, lasai asko, erabat konbentzituta edo.

Bizi-biziak behar ditugu, bai, burmuina eta bihotza; kanta ezagunak dioen bezala, gorputz bat behar dugu, Herria izango dena, eta nola ez, hari indarra emango dion bihotza, Hizkuntza. Euskara bizi dezagun, euskara disfrutatzeko, lehenbiziko baldintza euskaraz bizitzeko pausoak ematea da: ikastea, hobetzea, ahalegintzea... Horren ondotik etorriko da euskaraz gozatzea, euskararekin jolastea, adierazteko era bizia izatea, bertsolari sen apur bat edukitzea...

Euskara bizia da irail honetan bihotz horiek proposatu digutena: bizi heltzeko euskarari, bizi erabiltzeko momentu guztietan, bizitzari bizitasunez euskaraz erantzuteko. Eta horretarako biderik onena euskaltegietara joatea dela esan digu, bihotz horien bidez, AEK-k. Bertan euskaraz bizitzeko aukera izango duzula, gero eta biziago, gero eta errazago; euskara hobetzeko eta euskaraz hobeto sentitzeko aukera, giro ezin hobean elkarrekin eta elkarrengandik ikasteko, konpartitzeko, duzun hori guztia komunikatzeko, euskaldun sentitzeko...

Euskara bizitzeko, euskaraz bizi-bizi bizi.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak