Mikrokredituak kreditu handiak dira Mozambiken

Erabiltzailearen aurpegia Mundukide 2016ko abe. 13a, 16:37
Mozambikeko iparraldeko nekazariei laguntzeko mikrokredituen kanpaina abiatu du Mundukide Gobernuz Kanpoko Erakundeak: "Kreditu honen bidez nekazariek lurrak landu eta ureztatzeko behar duten materiala erosi ahal izango dute baita lurra ereiteko behar duten hazia ere. Behin uzta jasotakoan kreditua itzuli beharko dute". 2016an Mundukidek 80.000 nekazariri eskaini dio laguntza Mozambiken.

Ekarpena Laboral Kutxako edozein bulegotan egin daiteke. Bertan aurkituko den esku-orria bete ondoren eskatu ekarpena Mundukideko kontura ingresatzeko eta badagokio ordena sortzeko.

Bertako nekazari baten adibidea

Mundukidek ohar bidez eman du kanpainaren berri eta bertako adibide erreal bat erabili du laguntza horren garrantzia balioan jartzeko: "Tusha Balamako nekazari bat da, alarguna, bere zaintzapean hiru seme-alaba dauzkana. Nekez lortzen dute, euri garaian, behar adinako arto saila ereitea urte guztirako jana edukitzeko. Ezustekoren bat gertatzen bada, alegia, euri gutxi, gaixotasunen bat… odisea bat bihurtzen da gosea pasatu barik egotea".

2011tik aurrera, mikrokredituen programan, onuradunen %50etik gora emakumeak dira, izan ere, kopuru osoaren %55 jasotzen dute ia. Tusha bezalako emakumeek haziak eta beharrezko materiala erosteko mikrokreditu bat jasotzen dute, eta uzta saldu ostean itzultzen dute.

Etorkizunerako erronka bat zehaztu dute: "Kreditua programan hasten diren nekazari berriei bakarrik ematea, eta beteranoak kontzientziatzea aurreko kanpainan lortutako zati bat aurreztu dezaten, hurrengo urteko erosketak egin ahal izateko. Eta hala, mendekotasuna txikitzea eta nekazarien autonomia sustatzea".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak