"Jaitik jaira"

Erabiltzailearen aurpegia Maialen Madariaga Mujika 2011ko ira. 5a, 02:00

Galbidera naraman lagunen bat edo bestek bultzatuta, tamaina desberdinetako jaiak ezagutzeko aukera izan dut aurtengo udan.

Suzko erruberekin zerua margotzen duten hiri handietatik hasita, hiru etxafuego aski dituzten auzoetako jaietaraino.

Azken hauek nahiago ditudala esatera ausartuko banintz, lagunetako batek Bilboko parranda on hura gogoraraziko lidake. Hala ere, lau baserriren inguruan antolatzen diren horien alde egiteko arrazoiak ere baditut.

Polita da hogei metro koadroren bueltan elkarren artean hain desberdinak diren auzotarrak batera ikustea. Barra ondoan, txapela lotarako ere kentzen ez duen aitona. Beste aldean, aitonaren bordako errenta ordaintzeko lanak dituen gazte mileurista, eta metro batera, baserri zaharraren paretek ezkutatzen duten jauregian bizi den markesa. Bakoitza bere erara, baina musika berberaren erritmoan dantzan, eta lapiko beretik jaten.

Ia argirik ere egiten ez duten kolore berde eta gorridun lau bonbilla, edari askoko barra txiki bat eta trikitilari bikote baten aurrekontu apala dute auzoetako jaiek. Azken urteotan zoritxarrez, jendea bertaratzea izaten da garestiena.

Aurrekontuak aurrekontu, esan nezake ez dagoela auzoetako jaiak baino jai herrikoiagorik, eta hori aski arrazoi dela hauen alde egiteko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak