Maialen Madariaga: "Leku diren lekuak"

Erabiltzailearen aurpegia Maialen Madariaga Mujika 2011ko api. 13a, 02:00

Arrasaten azaldutako pintada batean oinarrituta, gure bailarako talde batek abesten du, gure herrietan badirela ez diren lekuak.

Erabilera eta esanahirik ez duten espazio hutsei egiten zaie erreferentzia, asfaltoz bete, eta zakarrontziekin apaintzen diren horiei. Irudipena daukat, azken urteotan izandako urbanizazio lanetan, etxe eta etxe artean sortzen diren espazio apur horiei, ez zaiela behar bezalako garrantzirik ematen.

Horren harira, berri pozgarria jaso dugu bergararrok, Arrizuriagako parkea zabalduko dutela jakitean. Gaur arte, ikusi bai baina ukitu ezin izan den artelan abandonatua izan da, baina aurrerantzean, herritarrok ere espazio honetaz gozatzeko aukera izango dugu. Herriko beste koadro batzuekin konparatuta gainera, koloretsua eta erabilgarriagoa da.

Hala ere, onar dezagun leku berriak sortzea ez dela nahikoa izaten sarritan, herritarrok garela leku bakoitzari bere esanahia ematen diogunak. Izan ere, leku berean biraka ehunka kilometro egiten dituzten erretiratuak eta lurrean pilatzen diren pipa azalik gabe, parke bat sekula ez da parkea izango. Horregatik, geu ere bagara leku diren lekuak ez izatearen errudunak.

Dena den, ziur nago erretiratu osasuntsu eta ume pipa zaleek eskertuko duten proiektua dela Arrizuriagakoa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak