Maialen Madariaga: "Luzatu antenak"

Erabiltzailearen aurpegia Maialen Madariaga Mujika 2011ko urt. 31a, 09:05

Irrati libre baten antena herrian jartzeko diru premia dago, eta gure belarrietako antenek zein musika frekuentzia jasotzen dituzten aztertuko dut.

Abestirik onenak, orain, telebista eta irrati indartsuenek aukeratzen dituzte. Eta hori gutxi balitz, taberna guztietan abesti berberak entzun behar izaten ditugu, badaezpada, inor kantuaren hitzak ikasi gabe gelditu ez dadin. Oso tarteka, euskal kanturen batek ere ihes egiten du. Baina Kortaturen Sarri sarri kantua sarri baino sarriago entzun dugu jada, eta Mikel Laboa taberna ixteko kantari gisan erabiltzen dute.

Onartu dezadan, ni ere betiko kantu horiekin hankak airean saltoka hasten den horietakoa naizela. Baina gure inguruan sortzen diren doinu berriak zabaltzen hasiko bagina, euskal musikak zentimetro batzuk gorago salto egingo luke. Uhin indartsuenen errealitatean ez dira existitzen bertako sortzaileen disko berriak, edo gaztetxeetako aurkezpen kontzertuak. Baina hauetatik aparte ba ote daude frekuentzia gehiago? Egon badaude, baina ez dizkigute besteak bezain eskuragarri jartzen.

Iruditzen zait guk jarri beharko dizkiegula antenak gure buruei, eta uhin desberdinak jasotzen hasi. Bestela, Euskal Herrian, oraindik ere, rock-and-rollak dirurik ez ematen jarraituko du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak