Erremolkea

Erabiltzailearen aurpegia Mikel Biain Berraondo 2017ko api. 6a, 12:00

Egia da ohitu egiten garela egoera ezohikoetara. Egun batetik bestera, paisaian agertzen den elementu hori, denbora igaro ahala, edozein zuhaitz, iturri edo eserleku balitz bezala, paisaia bilakatzen denean bezala.

Horixe bera gertatu da Arrasateko Ospitaleko erremolkearekin. Paisaian barneratutako elementu bat gehiago bilakatua, halako batean, zure gertuko bat ospitalera joan eta bertako bisitaren berri ematen dizun arte. “Medikuak esan dit ez dela kamioiko erresonantziaz fio eta Gasteizen erresonantzia egiteko txanda eman dit.” Orduan konturatzen zara ohikoa bihurtu den hori ez dela normala. 

Murrizketa, pribatizazio eta esternalizazioak dotorezia handiz egiten dira garaiotan, oso modu sofistikatuan, erabiltzaile, onuradun edo zergadun hori ez konturatzeraino askotan. Nork igarriko du mediku batek egun baten 10 kontsulta beharrean, 20 ematen baditu. Edo irakasle batek 17 ikasle beharrean 25 hartzen baditu. Krisiaren izenean, dena da egingarri, moldagarri, eta salgarri. Eta medikuak edo irakasleak, irribarrea galtzen ez duen bitartean, igarri ere ez agian.

Baina badago elementu bat beti hor dagoena. Disimulatzen edo ezkutatzen zaila dena. Arrasateko Ospitaleko erremolkea da. Martxoan bete dira 5 urte “behin-behinekoz” ekarri zela Granadako enpresa baten eskutik.

Zumarragako Ospitalearen eta Arrasatekoaren artean partekatu zen, hasiera batean. Ondoren, Zumarragako Ospitalean erresonantzia unitate finkoa eraiki zen 2014an eta ordutik erremolkea Arrasaten dago geldirik. Ospitale berriaren ondoan. Errobera azpitatik belar kimu berdeak ageri zaizkio; agian, “krisia”  pasatzear dagoen adierazgarri.

Politika publikoen eta lehentasun politikoen paradigma oso grafikoa. Oso garbi ikusten ez diren inbertsioetan, beti dago aukera ez inbertitzeko, edo inbertsio mugikor bat egiteko. 

Ez naiz ni publikoaren eta pribatuaren artean basamortua ikusten duen horietakoa. Oreka egokia bilatzean dago beti gakoa. Baina ez dezagun iparra galdu. Oinarrizko zerbitzu publikoek erabat publikoak izan behar dute, eta helburu horretara beharrezko inbertsio eta baliabide publikoak bideratu behar dira. Dirurik ez dagoela esatea tranpa da. Izatekotan, diru publikoa beste inbertsio batzuetara lehenetsi izana litzateke arrazoi bakarra. Ez gaitezen engainatu.

Batu ditzagun indarrak. Eskatu diezaiogun Jaurlaritzari Arrasateko Ospitale berrian erresonantzia unitate finkoa jartzeko behin betiko inbertsioa egiteko. Debagoieneko herritarrok horrenbeste merezi dugulako.

----------

Mikel Biain Berraondo

Oñatiko alkatea

Oñati

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak