goiena.eus

Itzulera bat

Erabiltzailearen aurpegia   Iritzia

Etxea atzean utziko duzu zure beldur, min, ezin eta konplejuz betetako maleta zahar eta itsusi bat hartuta.

Sentituko zara deseroso, mamuekin borrokan, atzeko zure itzalei eskapu egin nahian, eta ezinean.

Denak soinean daramatzazu, atzetik segika bestela. 

Astuntasunak entzuten ari zaren Martin Larralde gustura entzuten ere ez dizu utziko, hitzetan murgiltzen. 

Autobusean sartu eta hasiko da bidaia, iluntze batez. 

Sartuko dira bidaiariak zu konturatu orduko eta laster beteko zaizkizu inguruko aulki guztiak ezezagunez; baina ez zaizkizu horren ezezagunak egiten. 

Bidaia luze honetan bere zatitxo bat utziko dizu bakoitzak: hitzak, kanta bat, irribarre bat, gau bat, usain bat, begirada bat, otordu bat, liburu bat, muxu bat, ideia bat, iritzi bat, malkoak, poza, besarkada bat. 

Eta begiak itxi eta berriz ireki orduko bidaiari helduko zaio bere amaiera. 

Berriz ere duela lau urte hartutako maleta hartu eta itzuliko zara etxera. 

Maletan gordeko dituzu jasotako eta emandako guztiak. 

Bertara eramandako min eta ezinak irribarre (ez)ezagunek itoko baitizkizute. 

Atzetik jarraika zenituen itzalak beste batzuenak izango dira orduan.

Zu ere beste batzuen itzalen ehizan ibiliko baitzara, beste ezezagun zoragarri batzuk zureetan ibiliko diren bezalaxe; mamuak sarearekin harrapatu, zuk gorde eta gehiago ez zabaltzeko hautua ere egingo dute zugan; zuen itzal eta mamuak ezagutzea ere ederra izan da.

Itzulerako bidaian ez duzu astuntasun handiegirik izango, pena agian. 

Hala ere, Martin Larralde gustura entzuteko gai izango zara, eta bihurtuko gara edo bagara beste batzuk; gu-agoak, desberdinagoak, beteagoak eta ederragoak. 

Lau urte hauetan bidaia lagun izandakoei besarkada estu bana, zoragarriak zarete.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa