"Jatekoarekin jolasik ez!"

Erabiltzailearen aurpegia Maite Aristegi 2011ko ira. 27a, 02:00

Hemen dugu udazkena, naturaren beste hainbat edertasunekin batera...

... baserrietako ortu eta soroetan jasotako jakirik goxoenen desfileaz gozatzeko aukera paregabearekin.

Izan ere, zenbait herritako azoka bereziek ikusgarritasunean Cibelesko moda pasarela dirudite. Baina, aukeran, ikusleak bai, baina erosleak gutxitxo, eta eurak, gainera, egun batekoak. Oraindik ez gara konturatzen gure inguruan eta lurra errespetatuz lortutako produktuak egunero kontsumitzearen keinu horrek daukan garrantziaz. Zorionez, baina, gero eta gehiago dira produktuen jatorriaz eta produzitzeko eraz kezka agertzen dutenak, saltoki handien uniformizazio eta halamoduzko eskaintzaren aurrean gertuko eta konfiantzazko erosketara jotzen dutenak (azokak, denda txikiak, etxez etxekoa...).

Eta hortxe dago etorkizunaren gakoa; herri mordoxka batean sortzen ari diren kontsumo taldeetakoak ere frogatzen ari dira erosteko modu hori tresna politiko-ekonomiko oso garrantzitsua dela, baserriaren egoera negargarriari iraulia eman diezaiokeena, euren osasunari laguntzeaz gain, hainbat baserriren geroa ziurtatu eta lanpostu berriak sortuz. Argi dago administrazioen azken 30 urteetako politika beldurgarriak aldatzeko mila errebindikazio egin ditzakegula, baina gutariko bakoitzak egunerokotasunean ez badu ahal duena egiten, alferrik.

Duda barik, etxean zein kanpoan, egunero sano jatea oinarrizko eskubidea da, administrazioak bere esku dagoen guztian bermatu behar duena. Baina gizarte baten baloratuenak beharko luketenek, zaharrek eta umeek, zer jaten dute, egoitzetan, jangeletan?

Badakizue ume bakoitzaren menua gastu guztiak barne 7 euro inguru bada ere, Jaurlaritzak baimendutako hiru catering enpresek 12ko dirulaguntza jasotzen dutela? Eta ikastetxeak berea bertakoarekin prestatzea eskatuz gero, ume eta inguruko denda eta baserriendako lekarkeen onura guztiarekin, laguntza ukatu egiten zaiola? Noiz amaituko da umeen jatekoarekin ere negozioa egite hori?

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak