Maite Aristegi: "Bildu ilusioa!"

Erabiltzailearen aurpegia Maite Aristegi 2011ko mai. 10a, 02:00

Euskarak baditu hitz batzuk bereziki garrantzitsuak adieretan.

Esaterako, P. Mujikaren hiztegian bildu hitzaren esanahia begiratu eta hara non 24rainoko zerrenda luzea topatzen dugun! Baina bi ataletan banatu daitezke: norbaitekin bildu, batu, elkartu, besteak erakarri, seduzitu eta konbentzitu, azken batean elkar-bideak bildu; eta bigarrena, zerbait bildu, uzta batu, lortu, gehitu.

Eta horrelako nahiak datozkit trumilka gogora espainiar demokrazia definitiboki hiltzear zegoela, Konstituzionalaren boto bakan horiekin hartutako arnas txikiaren ondoren. Sentidu komuna gailendu da gutxienagatik eta askatasuna eta justiziazko bakea nahi dugun guztiok ere arnasa hartu dugu. Justu-justu piztu dute, baina oraindik ustezko demokrazia hori zaintza intentsiboetan dagoela ezin ahaztu. Tortura, espetxe-politika, erabakitze-ahalmena ukatzea eta abarrez gain, sortu legeztatu gabe, 40.000 lagun hautagai izateko aukera barik, eskubide zibil eta politikoak moztuta, esperientzia, balioa, herriaren alde dena eman dutenak baztertuta (urrun joan barik, gure bailaran hainbeste egiten jarrai zezaketenak agintea eta ekarpen politikoa uztera behartuak...); bildu-ri atea zabaldu arren, bijilantzian, edozein unetan edozergatik berriz atea ixteko mehatxupean.

Baina Kant-ek zioen bezala, txoriek ere haizearen erresistentziari esker egiten dute hegan, eta mokoan konponbiderako adartxoa daraman txori honek ere herritarren konbikzio, laguntza eta erresistentziari esker jarraitzen du hegan, independentzia eta sozialismora bidean; ia-ia tiroz bota dute, oraingoan bizirik irten da, gero eta indartsuago bere bidean, atzera-bueltarik gabe. Eta ahultzen edo jo-ta botatzen saiatzen direnei, baketsu baina indartsu erantzungo diegu, elkarrengana bilduz eta ahalik eta ahots eta indar gehienak batuz. Gonak eta mahukak bildu (erremangau) eta ametsa lortu: euskaldunok behingoz geure behia bildu. Oraingoan herrietatik hasi eta Diputazioraino.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak