Gernika, 75 urte. Ematen du oso aspaldiko kontuak direla, baina, tamaina horretako sarraski batentzat urte horiek ez dira hainbeste.
Duela 25 urte egon nintzen Gernikan, orduan 50. urteurreneko ekitaldietan. Kontzertuek erakarrita joan ginen bertara, eta egunpasa ederra egin genuen. Umetan, berriz, eskolako irteera klasikoetariko bat izaten zen Gernikako juntetxera bisita egitea. Arbolaren sinbologia ere azaltzen ziguten.
Gernikako Arbola kantuak, berriz, osaba baten oroitzapena dakarkit. Gerra Zibilean gudari ibilitakoa, preso ere egon zen Ramon Ormaetxea aramaioarra. Nagusi zela, eta ohean gaiso zegoela, noizean behin Gernikako Arbola kantua tokadiskoan jartzea eskatzen zuen. Nola jartzen zen gizona, hunkituta, malkotan. Umea nintzen, eta ez nuen askorik ulertzen, baina akordatzen naiz oso momentu intimoa eta hunkigarria izaten zela.
Gernika, baina zein ahaztuta egon den Durango, 37ko martxoaren 31n faxistek 300 hildakotik gora utzi zituzten arren. Gure herrietatik gertu, Anboto ondotik bueltaka ibili omen ziren abioak Durangon genozidioa egin aurretik. Zein gertu, baina zein ahaztuta izan dugun Durango.