Horrelako kontraesanekin bizitzera ohitu garela ematen du, baina pentsatzen jarrita, xelebrea ere bada egoera, krudela ez esatearren.
Gipuzkoan egunero abiatzen omen da kaleratzeren bat, beraz, batzueri tokatu zaie “zubi azpian” metafora euren azalean bizitzea.
Norbera etxe gabe gelditu, eta inguruan “salgai” dioten kartelak baino ez.
Duela urte batzuk pentsaezina zirudiena gertatzen ari da babes ofizialeko etxeekin ere. Zozketak egin, baina etxea egokitu zaien batzuek ezin erosi, ditxosozko kredituek urrea balio bait dute.
Aretxabaletan hala gertatzen ari da. Jendea ezezkoa ematen ari zaio babestutako etxeari. Urtetan horren zain egon, behingoz zozketan tokatu, eta gero taka! Horra zaplastekoa!
Etxebizitzekin gertatzen ari zena logikaz kanpokoa zen, eta hainbeste puztu da, leherketaren uhinak tamainakoak izaten ari direla. Ondorioek, baina, ez dezatela inor aterperik gabe utzi.