Hogeitaka urte lantoki berean lanean ibili ondoren, agur, bukatu da, esan berri diote ezagun bati. Oporretatik bueltan lanera joan, eta oporrak luzeagoak izango direla jakinarazi diote. Ondorengo zeregina Lanbide, Inem edo dena delakora joatea. Han entzundakoak ez du laguna asebete. Noraeza areagotu zaio bulegotik irtendakoan. Bat etorri ginen, nire kasuan ere Lanbiderekin izandako harremana ez baitzen emankorra izan. Ikastaroen zerrenda nahiko fiktizioa da. Gezur txiki asko dago Lanbideri buruz prentsan ageri diren kopuruetan.
Lagunarekin nuen hizketaldia, baina, mikaztuz joan zen. "Itxaroten nengoen bitartean, albo batean bi ijito nituen, eta bestean hiru sudaka, lanik ez, soilik dirulaguntza jaso nahi zutenak". "Geldi hi!", esan nion, "ez jarraitu bide horretatik, ezkertiar, eta aurrerakoitzat zintudan, eta iritziz aldatzen hasi naiz". Pentsatzen jarrita, isilean, baina, zenbat jende ote dago Gema Zabaletak hartu duen erabakiarekin bat. Tamalez, uste baino gehiago.