goiena.eus

Bata, ironia barik; bestea, ironia hutsez

Erabiltzailearen aurpegia   Iritzia

Ederrak irakurri ditugu azkenaldian, bai gutunen sail honetan, bai herrietako iritzi-emaileen aldetik ere. Ederrak, eta ederrak. Denetik. Hainbat ikuspuntutatik. Plaza zabala da-eta hau.

Adibidez, Rikar Ayastui erretiratu oñatiarrak idatzitakoa, gutunetan, orain dela pare bat aste, ironia barik, zuzen. GOIENAn ateratako iritzi-artikulu bati erantzuna zen. 

Honela bukatu zuen idatzia Ayastuik: "Hemendik aurrera, Aramaion bizi zarela suposatuz eta lanera kotxez mugitzen zarela pentsatzean, birritan pentsatuko dut bertako bidea hartu ala ez. Ez naiz arriskatuko!".

Tristea da, gero, horrela ibili behar izatea, oraindik ere. Erretiratua, bizikletan ibili zalea... eta ezin seguru joan errepidean. Zergatik? Batzuek uste dutelako errepideak direla autoak, kamioiak eta autobusak bakarrik ibiltzeko. Kito.

Ziklistak? Etxean, arrabolean. Edo zirkuitu itxietan. A ez, barkatu, ez dago zirkuitu itxirik.

Errepidean, ziklista profesionalak bakarrik. Bai, noski. Txalo bero bat!

Beste iritzi artikulu bat, aurreko astean, Paula Amilburuk sinatzen zuena. Titulua, morbosoa, ezta? Honela zioen: Txirrindularirik ez, eskerrik asko. 

Bada, bereak eta bi entzun edo irakurri behar izan ditu aramaioarrak sare sozialetan. Sekulakoak esan dizkiote. Sekulakoak.

Delitua da, gero, Amilbururen iritzi-artikulua irakurri eta ez konturatzea ironia hutsez idatzita zegoela. Mesedez... 

Tira, ni neu ere ibiltzen naiz bizikletan. Lehen, Aramaio inguruan ere bai. Gaur egun, urruntxo geratzen zait. Hori bai, irakurritakoak irakurrita, hobe dut Deba aldera jo... seguruago egoteko.

Ez diot erantzungo ziklisten kontra dagoenari, baina bai bizikletan ibiltzen direnei: kontuz ibili errepidean!

----------

Mikel Arantzabal

Eibar

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa