goiena.eus

Baserritarrok ere, errauskailuari ez!

Erabiltzailearen aurpegia   Iritzia

Hasi dira dagoeneko Zubietan errauskailua egiteko lanak. Gipuzkoako Baserritarron Elkartetik, Baserri XXIetik, lehenago ere adierazi izan diogu atxikimendua errauskailuaren aurkako borrokari, eta, atzeraezinezko dirudien une honetan, atxikimendu hori berrestera gatoz.

Bat egiten dugu errauskailuaren aurkako mugimendutik egiten diren salaketekin: gipuzkoarrok zorpetzea, gure hondakinen kudeaketa eta bertatik beraiek nahieran ateratako irabaziak enpresa batzuei oparitzea –tartean, horren famatu egin den Lezo operazioan agertu den bat–, gizakiongan sor ditzakeen gaixotasunak, natura kaltetzea...

Guztiontzat garrantzitsua den baina nekazari eta abeltzainon jardunaren erdigunean dagoen gaiari arreta berezia eskaini nahi genioke, naturaren kaltetzeari.

Beste behin, azpiegitura handi batek gure landare eta abereei aire garbia kenduko die, gure jarduerarako ezinbesteko den ur garbia pozoituko du, horren beharrezkoa den eta urri daukagun materia organikoa pribatizatuko du, eta horren eskas daukagun lur emankorreko hektarea pila bat pikutara bidaliko ditu eraikuntzarekin berarekin eta bertako hondakinak gordetzeko beharko diren zabortegi bereziekin. 

Dei egiten diegu Gipuzkoako baserritarrei gainontzeko eragileekin batera errauskailuari aurkakotasuna adierazi eta alternatibetan parte hartzera, gure herriarentzat kalitatezko janaria ekoizteko ardura daukagunok ere ezin dugulako honelako astakeria bat onartu.

Eutsi Lurrari! Errausketarik ez!

----------

Ane Gorosabel Monje, Lur Pagoaga Zaloña, Aitzol Iturbe Beristain eta Naroa Ariznabarreta Ibarluzea

Baserria XXI-en izenean

Debagoiena

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa