Hegoak oinetan

Erabiltzailearen aurpegia Leire Martin Pineda 2017ko eka. 23a, 00:00

Zaila egiten zaigu hemen labur adieraztea nola sentitzen garen hainbeste jaso ondoren eta hainbeste jende ezberdinengandik.

 Eta are eta zailagoa eskertu ahal izatea Leireren alde eta egoera berean dauden pertsonen alde egin den guztia. Azken hilabeteetan askotan izan dugu buruan momentu hau; bagenekien ezinezkoa izango zela paragrafo gutxi batzuetan adieraztea zer-nolako emozioak bizi izan ditugun denbora honetan zehar.

Gaitz honekin bizi diren familiek errutina guztiak aldatu behar izaten dituzte gaixoari laguntza emateko, eta Leire bezalako pertsonek egunero kementsu borrokatu behar izaten dute euren adineko gaztetxoen pareko bizitza bete-betea izateko. Eurentzat, ikastea, jolastea, lagunekin ondo pasatzea edo kontzertu batera joatea, agian, zailagoa izan daiteke, baina adoretsu jaio direnentzat ia ez dago gainditu ezineko oztoporik.

Denborarekin, eta zailtasunak zailtasun, gauza pilo bat deskubritzen ari gara; eta, ziur aski, egoera gogor hau izan ez balitz, ez genituzkeen inoiz jakin izango. 

Horrela ikasi dugu aingeru ezberdinak daudela; alegia, Leireren lau aingeruek hegoak hanketan dituzte, eta basamortuetan zehar edo mendietan gora ibiltzen dira beti arrazoi solidarioen alde, IGAM siglaren azpian ezkutatuta. Ikusi dugu pertsonaia ospetsuak telebistaz kanpo gu bezalako pertsonak direla, hurkoaren gaitzaren aurrean sufritzen dutela, eta eskatzen zaien guztietan hor daudela behar den guztirako. Orduak eta orduak konpartitu ditugu talde antolatzailearekin; euren onena eman dute dena ondo baino hobeto irten dadin, eta horrela izan da, ezin hobea. 

Ikusi dugu, baita ere, milaka pertsona anonimo euren laguntza osoa eskaintzen, honen moduko arrazoi noble baten alde: sendabidea gero eta gertuago duten gaixotasunen ikerketa sustatzea. 

Eta jakina, lekuko izan gara, ikusi egin dugu, Bergarak, herri osoak, dena ematen duela beharra duenari laguntza eskaintzeko orduan.

Gure betiereko esker ona guzti-guztiei, Leirerekin batera aurrera jarraitzeagatik!

----------

Leire Martin Pineda

Martin Pineda familiaren izenean

Bergara

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak