goiena.eus

Guztia prest biharko KILOMETROAK TXIKIrako

Erabiltzailearen aurpegia
Duela hiru hilabete eman genion hasiera aurtengo Kilometroak jaiari. Biharko KILOMETROAK TXIKIA bigarren hitzordu garrantzitsuena izango da. Poliki-poliki batzorde desberdinak martxan jartzen ari dira eta asko iraileko egun handira begira daude jadanik.

Eguraldi iragarpenak aldekoak izan ez arren gogotsu daude Kilometroak Txikiko antolakuntza lanetan dabiltzan boluntarioak. Auzolanean aritu dira azken aste hauetan biharko eguna prestatzen eta dagoeneko goizeko 11:00ak iristeko zain daude.

Izenak dioen bezala, etxeko txikienei zuzendutako ekitaldia izango da biharkoa. Txantxiku Ikastolako haurrak izango dira hasierako ekitaldi protokolarioa burutuko dutenak eta ondoren biharko prestatutako ibilbideari ekingo zaio.Ibilbidea jai-giroan burutuko dugu eta horretarako herriko eta bailarako talde desberdinen laguntza izango dugu.

Ibilbidea plazan bukatuko da eta bertan jaiak jarraipena izango du. Aurpegi margotzea, kalkamoniak, joku kooperatiboak, "slack-line" eta beste aukera asko izango dira goiz pasa ederra egiteko. Txosna ere izango da bertan indarrak berreskuratzeko. Gainera, bertako ekoizleei aipamen berezia egingo diegu izan ere Oñatiko txakolina eta gazta dastatzeko aukera izango dugu, haiek Kilometroetara egindako ekarpenari esker.

LEKAIXOKA! ZAPIAK AGORTUTA

Aste honetan zehar LEKAIXOKA! zapiak salgai jarri dira ikastolako patioan eta Kilometroetako dendan eta egun honetarako salgai jarritako zapiak agortu ziren atzo arratsaldean. Antolakuntzatik eskerrak eman nahi dizkiegu zapia eskuratu duten guztiei. Zapirik gabe gelditu direnei, ordea, hurrengo ekintzetarako ere zapiak eskuratzeko aukera izango dutela jakinarazi nahi dizuegu.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa