Goi mailako eskubaloia Kilometroak 2016ren alde

Erabiltzailearen aurpegia Kilometroak 2016 Bergara 2016ko abu. 24a, 06:00
Aurreko denboraldiko irudi bat: Zarautz eta Bera Bera aurrez aurre.

Maila goreneko eskubaloi partidua ikusi ahal izango da Bergaran abuztuaren 31n Kilometroak 2016ren alde. Izan ere, Super Amara Bera Bera eta Aiala Zarautz taldeak ariko dira nor baino nor gehiago Labegaraieta kiroldegian, 19:00etatik aurrera. Donostiarrak Espainiako ohorezko mailako ligako eta kopako txapeldunak dira. Zarauztarrak iaz jaitsi ziren ohorezko mailatik.

Azkeneko lagun artekoa

Liga hasiera, gainera, gertu-gertu dute bi taldeek. Bera Berak Superkopako partidua dauka irailaren 3an Barakaldoko Zuazoren aurka eta Europako Txapeldunen Ligako atarikoa jokatuko du liga erregularra hasi aurretik irailaren 9an eta 10ean, Donostiako Gasca kiroldegian. Honenbestez, aurre denboraldi bikainaren ostean, fin-fin datoz Bergarako azken lagunartekora, lehia ofizialak hasi aurretik.

Brasilen Joko Olinpikoetan Espainiarekin aritu diren Bera Berako jokalariak Montse Puche entrenatzailearen aginduetara jarriko dira oraingo egunetan eta Bergaran minutu batzuk izango dituzte seguruen. Martitzenean hartu zuten lur Madrilen, Brasildik bueltan. Gogoratu, Eli Pinedo, Patri Elortza eta Marta Lopez dira bera beratar olinpikoak. Final laurdenetan Frantziak utzi zituzten dominak lortzetik kanpo.

Zarautz zilarrezko ligan

Zarauztarrak zilarrezko mailan ariko dira aurten, iaz mailaz jaitsi ostean. Baina kategoriako oilarrak izango dira, zalantzarik barik, txiki geratuko zaien mailan. San Adrianen aurka hasiko dute liga txapelketa ofiziala iraileko hirugarren asteburuan, baina dagoeneko lanean ari dira aurre denboraldiko entrenamendu saio eta lagun arteko txapelketa eta partiduetan.

Sarrerak txarteldegian

Sarrerak 5 eurotan salduko dira Labegaraietako txarteldegian bertan, partiduaren aurretik; 12 urtetik beherakoek, 3 euro ordaindu beharko dute. 

Partidua datorren astelehen goizean aurkeztuko dugu hedabideen aurrean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak