"Miseriaz eta zurikeriaz"

Erabiltzailearen aurpegia Josu Zugasti 2013ko ots. 9a, 01:00

Oraintxe nazkatu naiz ba, ni, inguruko askoren zurikeriaz eta miseriaz.

Badaude gure mundu eta Euskal Herri honetan, jendea mugitzeko hamaika arrazoi, zalantza barik. Bururatzen zaizkit, adibidez, bere mugen barruan bizitzera behartzen gaituen Espainiako Estatuko ustelkeria estrukturala eta joera zentralistak edo banketxe eta espekulatzaile ukiezinek gure lepotik egiten dituzten lapurreta erraldoiak.

Ba ez. Debagoieneko ehunka eta ehunka gizon-emakumerentzat, ez birziklatzea da mobilizatzera daroatzan helburua. Hau gero eta sinesgaitzagoa da: zaborraren inguruko gure ohiturak ez aldatzearren, etorkizuneko belaunaldientzat Euskal Herri eredugarriago eta jasangarriagoa ekarriko duen atez atekoa deabruaren pare aurkezten dituzte hainbat indar politiko zikoitzek. Ez engainatu zuen buruak, atez atekoaren kontra diharduzuenok badakizue birziklapen maila onargarriak lortzeko ezinbestean neurri zorrotzak hartu behar direla, bestela orain arte ezer birziklatu ez duten lotsabakoek (bai, lotsabakoek) ez birziklatzen jarraituko dutelako, bost edo hamabost edukiontzi ipinita ere.

Autobusetan eta ospitaleetan ezin da erre, enpresek ezin dituzte hondakin toxikoak ibaietara isuri, ezin da mozkortuta gidatu, ezin da zaborra etxeko leihotik jaurti... O! Inposizioak! Bada garaia edukiontzi berdea edozein hondakinekin betetzen duten horiei "ezin da hori egin!" esateko, eta seriotasuna emateko mundu mailako arazo larrienetako bati: lehengaien kontsumo ardurabakoa eta zaborren masifikazioa.

Atez atekoak gaikako bilketari eraginkortasuna eta zorroztasuna ematen dizkio, sistematikoki %80tik gora birziklatzea posible bihurtuz. Atez atekoaren kontrakoek gaurko kontsumo eredu jasangaitza betikotzea nahi duzue? Produzitu-erosi-bota- erre? Uko egiten diozue alternatiba eskuragarri bat hemen eta orain eraikitzeari, zertarako, eta zaborra (geuk sortzen dugun eta hain erraz ahazten dugun zabor hori) errausteko? Atez atekoak eskatzen duen ahaleginagatik, orain arte bezala %40tik beherako birziklapen lotsagarriarekin jarraitu nahi duzue? Hala bada, ez duzue kontzientziarik. Benetan, zelako auzo lotsa!

--------------------

Josu Zugasti

Arrasate

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak