Juan Martin Elexpuru: "Errepublikia"

Erabiltzailearen aurpegia Juan Martin Elexpuru 2011ko mai. 3a, 02:00

Aprilaren 14an bete zien 80 urte Espainiako estaduan Errepublikia proklamau zala.

Bi egun lehenago udal hauteskundiak izan zien, errepublikano eta sozialisten arteko koaliziñuak irabazi zeban, eta egoera ezingo zebala kontrolau ikusitta, Alfonso XIII.ak abdikatu eta alde egin zeban erbestera.

Eibar izan zan lelengo herrixa estadu osuan bandera errepublikarra ipintzen. Hola kontatzen dau Toribio Etxebarriak erderazko bere liburu baten: "Goizeko seiretarako egundoko jente pillia batu zan, gero Errepublika plaza izena ipiniko jakon lekuan (Untzagan). Domekan aukeratutako kontzejalak udaletxera sartu zien eta, beren karguen jabe eginda, "se constituyeron en sesión solemne" eta Errepublikia proklamau zeben aho batez. Belaxe, hiru koloreko banderia ipini zeben udaletxeko balkoi nagusixan". Bartzelonan, Madrilen eta beste leku gehixenetan ez zeben banderia atsaldeko seirak arte jarriko. Hurrengo urterako prest zeuan konstituziño barrixa.

Nekeza eitten jaku imajinatzia zelako aurrerapena izan zan haura jauntxuen eta elizian menpian bizi zien herritarrendako: 1) Boto eskubidia danendako. Emakumiak lelengo aldiz botau ahal izango zeben. 2) Kargu publiko guztiak aukeratu ahal izango zien. 3) Laikotasuna: estaduaren eta elizaren arteko banaketia. 4) Ezkontza zibila eta dibortzioa baimenduta. 5) Lurjabe haundixen lurrak desjabetzeko eta zerbitzu publikoak nazionalizatzeko aukeria. Eta abar.

Autonomia estatutuaren aukeria be emoten zeban, baina 1936ko udazkenera arte ez zan hona holakorik ailegauko, eta Francoren tropak inguratuta zeukan Bizkaira bakarrik, gainera. Gero badakigu zer pasau zan.

Orduko euskaldun gehixenak askoz nahixago izan zeben errepublika espainiarra monarkia espainiarra baino, nahiz eta orduan be euskaldun askok euskal errepublika independentea amets. Ia laster etortzen dan euskal errepublikia aldarrikatzen dogun eguna.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak