Errausketarik ez

Erabiltzailearen aurpegia Jon Altuna 2016ko mai. 28a, 00:00

Hondakinak etxean gaika sailkatu eta egoki bilduta, errefus gutxi sortuko dugu eta ez da erraustu beharrik izango.

Gipuzkoan agintari berriek, ordea, bide hori alde batera utzi eta mila milioi eurotik gora gastatu nahi dituzte erraustegia eraikitzeko. 

Erabaki oso kaltegarria gure osasun eta ondasunarentzat.

Gipuzkoa ekonomikoki ito egingo du egitasmoak. 

Erraz esaten da mila milioi euro, baina kostata ordaindu. Garesti. 

Gipuzkoarrok ordainduko dugu oso-osorik, tasa eta zergen bidez, ondorengo hamarkadetan. 

Eta bada diru hori zertan erabili. 

Arnasa behar dugu, are gehiago, krisi garaian. 

Erraustegiak, gainera, kutsatu egiten du. 

Osasunarentzako oso kaltegarriak diren ke eta gai toxikoak isurtzen ditu. 

Ondorioz, erraustegiaren ondoan bizi direnek minbizia garatzeko arrisku handiagoa izango dute. 

Hainbat mediku txostenek egiaztatu dute hori. 

Horregatik diogu burua duenak ez duela etxe ondoan erraustegirik nahi. 

Eta bihotza duenak, inon ere ez. 

Osasunaren alde eta errausketaren aurka gaudenak Donostian kateatuko gara, igande eguerdian, elkarrekin. Etorri zaitez zu ere.

Hernanin atez ateko bilketarekin ehuneko 80 birziklatzen dugu eta eredugarriak gara Europan. 

Hori da bidea; Zero Zabor, alegia. 

Etxean egindako ahalegin txikiak onura handia dakarkio denon osasun eta ondasunari. 

Zabaldu dezagun gure eredua, ez dezatela gure etorkizuna hipotekatu eta gure ondorengoena arriskuan jarri.

----------

Jon Altuna

Bergara

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak