Gure ikuspuntua

Erabiltzailearen aurpegia Jose Antonio Amundarain 2015ko ots. 13a, 00:00

Puntua astekarian 4. zenbakian argitaratutako idatzi batek hauxe dio izenburuan: Gero arte, kopago.

Politikarien ustelkeriak eta ustez guk guztiok egin omen ditugun ustelkeria txikiak –adibideak jartzen ditu– edo etxeetan sartzean ikusten ziren farmako pilaketak orain ez direla ikusten kontzientziatuagoak omen gaudelako, eta ez dela txarto etorri alde horretatik kopagoa eta bere alde positibo nabarmena eduki duela. 

Gure erantzuna: medikamentuak medikuak errezetatutakoak izaten dira eta farmazian errezetekin hartzen ditugu botikak; etxean batzuetan pilatu egiten baldin badira, ez da izango bilduma egin nahi dugulako, gaixotasuna gainditu eta sendatu egin garelako baizik. 

Laburbilduz, artikulugileak kopagoaren zama ondo merezia ez ote daukagun demostratu nahi duela dirudi, ustelak eta iruzurtiak garela esaten baitu.

Baina ikus dezagun nondik datorren eta zergatik aplikatu zaigun kopagoa.

Munduko merkatu finantzarioak osasun publikotik 7.000 milioi euro kentzeko eskatu zion PPren gobernuari eta Ministro Kontseiluak murrizketak agindu zituen: Hezkuntzan 3.000 milioi. Osasungintzan 7.000 milioi; horietatik, 3.550 milioi farmaziako gastuan.

Apirilaren 20an, 16/2012 lege-dekretua atera zuten eta berrordainketa –kopagoa– ezarri zuten pentsiodunentzat eta aktiboentzat. Berrordainketak denok kaltetzen gaitu, baina bereziki gaixoak. 2012ko uztailean sartu zen indarrean berrordainketa eta abuztutik aurrera PPren gobernuak ez zituen 425 botika finantzatu. 

Gero, 2013ko azaroan, agindu bat atera zuen Jaurlaritzak, mediku-errezetarekin farmazian ordaindutakoa berriz itzultzekoa, baina kasu batzuetan bakarrik: urtean 18.000 eurotik behera duten pentsiodunei, esate baterako.

EAJk gobernatzen duen Jaurlaritzak, itxuraz, gutxien kobratzen duten pentsiodunei lagundu nahi die, baina errealitatea beste bat da: joan den urtean, 2014an, laguntza eskaria egin zezaketen 450.000 pertsonetatik, 126.225 pertsonak bakarrik egin dute.

Jaurlaritzak benetan lagundu nahiko balu, ez luke paperik eskatu behar, hark gestionatu beharko luke diru itzulketa, horretarako ditu-eta guztion datu fiskalak. Baliabide gutxien duen edadeko pentsioduna behartu nahi izatea papera bete eta eskaera egitera asmo txarrez jokatzea da. Horrelako jarrerarekin, EAJren Jaurlaritza, gauzak erraztu beharrean, oztopoak jartzen ari da, eta lehendik ondo izorratuta dagoen pentsiodunen egoera okertu egin da.

Argi ikusten denez, urtean 18.000 eurora ailegatzen ez diren pentsiodunak eta gainontzekook ez gaude egoera honetan ustelkeria, lapurreta edo iruzurra egin dugulako, gure diruarekin hori guztia beste batzuek egin dutelako baizik.

Zoritxarrez, duintasunez bizi izateko larri eta estu dabilen pentsiodun gehiegi dago Euskal Herrian, eta ez dugu uste Puntua-ren 4. zenbakian datorren artikulu horrek orain deskribatu dugun errealitatearekin zerikusirik daukanik. Askotan esan ohi da: Zenbat buru, hainbat aburu. Baina eroso dagoen lekutik egiten den diskurtsoak eta larritasunez betetako zahartzaroak ez daukate elkarren artean zerikusirik, eta horregatik saiatu gara gure ikuspuntua ematen idatzi honen bitartez. 

----------

Jose Antonio Amundarain

(Oñatiko Duintasuna pentsiodunen taldearen izenean)

Oñati

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak