goiena.eus

Garbiketa ideologikoa Bergaran

Erabiltzailearen aurpegia   Iritzia

Hijo de puta; Se vende; Hemen ezin da pilotan eta baloiarekin jolastu; Comeme la polla; Bihar 8etatik-12etara ur mozketa egongo da Irizar kalean… Horrelako ehunka kartel eta pintada aurkituko dituzu Bergarako kaleetako paretetan.

Gaztelu Etxera; Eraso sexistarik ez; Errekaleor bizirik; Maiatzak 1 kalera… bezalakoak aurkitzea, berriz, zail egingo zaizu. Zergatik? Bergarako Udalak erabaki duelako gai politiko edo sozialei buruzko kartel eta pankartak Bergarako kaleetatik kentzea. Bergarako jaietan, adibidez, ez dute egun bat ere iraun, Bergarako Udal Gobernuaren (PNV-PSOE) obsesio bilakatu direlako. Udal langileek adierazi digutenez, Udal Gobernuko arduradunek kartel politiko eta sozialak kentzeko agindua ematen diete behin eta berriz. Herriko kaleak eta, bereziki, kontenedore inguruak zaborrez gainezka daudenean, Udalaren kezka nagusia kartel eta pankartak izatea lotsagarria iruditzen zaigu.

Zergatik gertatzen da hau? Oso argi daukagu, Bergarako Udalak ez ditu nahi aldarrikapen politiko eta sozialak kaleetan, berauen aurka dagoelako eta herri aldarrikapenei beldur dielako. Are gehiago, Bergarako Udalak herriko kaleak hutsik nahi ditu. Kartel edo aldarrikapenez gain, Bergaran gero eta zailagoa da ezer antolatzea, Udalaren hamaika oztopo gainditu behar direlako. Bergarako Udala herritar eta eragile aktiboentzat izugarrizko oztopo bilakatu da, hori ari gara ikusten eta sufritzen kalean gauzak antolatzen saiatzen garenak: hezkuntza jaiak antolatzeko hamaika traba; taberna edo komertzioek kalean ekintzak antolatzeko oztopoak; ekitaldi politiko edo ekintza sozialak egiteko ezintasunak…

Honen guztiaren helburua da aldarrikapen politiko eta sozialak herriko kaleetatik desagertzea, baina, aldi berean, herriko giroa, kale giroa bera ere kaltetzen ari da Udal Gobernua, Udalak ez duelako ia ganorazko ezer antolatzen eta herritarrei ez dielako uzten. Gu ez gaude etsitzeko prest eta, Bergarako jaietan ikusi dugun bezala, beste asko ere ez. Udalaren oztopo eta traben gainetik Bergara alai, bizi eta aldarrikapenez betea egiten jarraituko dugu!

----------

Ibai Redondo eta Iñigo Akaiturri 

Bergarako Sortu

Bergara

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa