goiena.eus

Erraustegiaren aurkako gose grebaren digestioa

Erabiltzailearen aurpegia   Iritzia

Jada pasa dira egun batzuk sei herritar gipuzkoarrok Donostiako Easo plazan erraustegiaren gezur handiaren aurkako gose greba bukatu genuenetik. Gure lanak, familiak eta etxeak utzi, eta astebetez aire garbia eta osasunerako eskubidea aldarrikatu dugu.

Izan ere, nazioarteko ikerketa zientifikoek diotenez, hainbat osasun arazo eta minbizi motak nabarmen egiten du gora bereziki erraustegitik 10 kilometroren bueltan. Esaterako, garuneko minbiziak bikoiztu egiten dira, hezurretakoak eta malformazio kongenitoak hirukoiztu. Heriotzak %13 inguru gehitzen dira minbizia dutenen artean gertuko eremuetan. Kaltea handiagoa da haurrengan. Lurra eta gure ondorengoak kaltetzeaz gain, 35 urterako zorrera kondenatu nahi gaituzte.

Hau bereziki larria da, egitasmo hau ekiditeko alternatiba badagoelako. Askoz lanpostu gehiago sortzeaz gain, nabarmen merkeagoa eta osasuntsuagoa da eta Europatik datozen irizpideekin ere bat dator. Gipuzkoan, gainera, urrats garrantzitsuak eman dira bide horretan. 

Datu hauek guztiak eta gehiago esku artean izanda, nola liteke erraustegiaren egitasmoarekin jarraitzea? Erraustegia eginez gero diru publiko izugarri jasoko duten gutxi horientzat gobernatzen duten politikariak ote ditugu Foru Aldundian? Ez al lukete guztion onurarako aritu behar? 

Pozgarria izan da hainbeste jenderen babesa jasotzea. Herritar askorekin hitz egiteko aukera izan dugu, eta berriro ere ikusi dugu informatua dagoen herritarrak ez duela erraustegirik nahi, gutxiago etxe ondoan. Baina hau Foru Aldundiko agintariek ere badakite, horregatik ari dira etenik gabe, informazioa ezkutatzen eta aurkako protestak isiltzen.

Agintari hauek herritarrek etsitzea nahi eta espero dute.  Oker daude, gu guztion eskubideen alde ari gara eta ez dugu hain erraz etsiko. Besarkada eta animo handiak guztientzat. 

Zubietako erraustegia gelditu!

----------

Irantzu Jauregi, Iñaki Armendariz, Teresa Lopez de Munain, Kepa Olaiz, Aran Garmendia eta Mila Zabalo

Erraustegiaren Aurkako Easo Plazako Gose Grebalariak

Donostia

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa