Bertakoa

Erabiltzailearen aurpegia Irati Itziar 2017ko mai. 19a, 06:54

"Eta zu nongoa zara?" galdetzen didaten bakoitzean, badakit, azkenean, azalpenak ematen amaituko dudala, "gasteiztarra naiz" erantzutean harridura aurpegia jarri eta "baina zure euskara…" esango baitidate.

Bai, nire euskalkiak salatzen nau, Oñatin jaiotakoa naiz eta euskalkia nirekin daramat. 

30 urte igaro dira dagoeneko Gasteizen bizi naizela, eta nire burua gasteiztar gisa aurkezten dut, baina ezin nire jatorria ezkutatu.

Egia esan, ez da sekretuan gorde beharrekoa ere, nire nortasuna, nire identitatearen parte garrantzitsua baita oñatiartasuna –haurtzaroa bertan igaro eta familiaren %99 bertan bizi izateak ere laguntzen du–.

Baina kuriosoa da euskaldunon artean "nongoa zara?" horren erantzunak daukan esanahia –"pisua", esango lukete batzuek–. 

X tokikoa zarela erantzutean, etiketa jarriko dizute eta galdetzaileak bere mapa linguistiko-geografiko-topiko mentalean kokatuko zaitu… onerako zein txarrerako.

Bertakoa edo urrunekoa, hemengoa zein kanpokoa izatea, ez litzateke, ba, hautu pertsonala izan beharko? 

Tokikotasunak indar handia dauka gugan. Herrietan auzoak, etxeak eta familiak identifikatzen diren moduan, makrora eramanda, herri eta eskualdeka ere kokatzen ditugulako pertsonak ezinbestean. Are gehiago, euskaldunak eta euskalkidunak badira. 

Ez dakit antropologiak nola izendatuko duen fenomeno hau; seguru, ezaguna eta aztertua izan dela. Baina etno-kokapen herritar honek balio ote du euskaldun berriekin? Edota hirietan? Aipatutako mapa mental hori zabaltzen gabiltzalakoan nago.

Hurrengoan, "nongoa zara?" galdetu ostean jasotzen duzuen erantzunaren atzetik identitate eta hautu pertsonal bat ere badagoela konturatu zaitezte, zuen mapa handitu eta aberastu egingo baita, dudarik gabe.

A! Eta bai, gasteiztarra naiz, Oñatin jaiotako gasteiztarra.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak