Argi dago

Erabiltzailearen aurpegia Inaxio Garro Iturrospe 2016ko mar. 19a, 00:00

Azken urteotan zera baino garbiago geratu zaigu Lur planetak mehatxu handia duela aurrez aurre: klimaren aldaketa. Horren aurrean, eredu energetiko berri baten beharra guztiz zentzuzkoa da.

Horren ondorioz, Planetaren ordua lelopean, datorren martxoaren 19rako, zapatua, etorkizuna pizteko, argiak itzaltzeko mezua zabaldu da, ingurumena babesten ahalegintzen den WWF izeneko Mundu-Fondoak bultzatuta. Horrela, mundu zabalean milaka eta milaka herritarren babesa jasoko du aurten ere, gaueko 20:30ak eta 21:30ak bitartean ordubeteko itzalaldia eginez. Denboran atzera eginez, iaz 7.000 hirik eta 35.000 enpresek baino gehiagok bat egin zuten mundu osoan ekimenarekin. Gu ez gara gutxiago izango.

Planeta guztiona eta guztiontzat da, eta sekulako erantzukizuna dugu gure ondorengoei mundu duina eta orekatua uzteko, guri ere transmititu diguten modukoa. Errespetua zor diegu etorriko direnei, eta mundu osasuntsua jasotzeko eskubidea dute, giza-katea eten ez dadin.

Handia izan zen joan den urteko abenduaren erdi aldera munduko 195 herrialdek Parisen adostutakoa: XXI. mendea amaitzerako mundu osoko batez besteko tenperaturaren igoera 2°tik beherakoa izatea, eta horretarako makina bat neurri lotzea. Baikorrak izate aldera, ez da gutxi mundu mailako agintariek klima aldatu dela onartu izana. Ea ba agintariak eta herritarrok behingoagatik lerrokatuta goazen planeta suntsipenaren zulotik ateratzeko.

Hasteko, datorren zapatuan argiak ordubetez itzaltzeari ekingo diogu. Gero gerokoak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak