Arroza babarrunekin

Erabiltzailearen aurpegia Idoia Ramirez de Okariz Kortabarria 2015ko ira. 4a, 00:00

Irailaren 1a iritsi eta bueltan naiz berriz, hozkailua hutsik eta harategiko mostradorearen aurrean.

Uda ederki igarota, eguzkia, beroa, gozoa, gazia, musika, arroza babarrunekin, Puertorriko, dantza, gaupasa… Mostradore aurrean, horixe, ze erosi erabaki nahian, petxugak, oilaskoa, solomoa, okela, edota tofua aukeran. Ganadu eta urdaiazpiko mordoa inguruan eta ni bertan, aukeraketan. 

Inoiz sentitu al zarete okelaren gisan? Bai? Hala bada, ulertuko nauzue; ezezkoa bada, ongi etorri emakumeon jaietako sentsazioetara! 

Ba bai, oraindik horrela gabiltza, festarik festa ganadu sentsazioa izaten; begirada lizunak, hitz zikinak eta ukitu onartezinak jasotzen. 

Festa dantza den moduan, festa ere jolasa da. Bertan elkartzen gara lagun zaharrak, bertan egiten ditugu lagun berriak, eta bertan sortzen dira begiradak ere. Begiratzea, elkartzea edo kasualitatez topo egitea; gonbidatzea, onartzea edo ez onartzea; eta gero gerokoen garaia izaten da. 

Beraz, non dago muga? Bakoitzaren askatasunaren zapaltzean, noski. Begirada batek min eman badit, esan ezetz; esandakoa ez bada nire gogokoa, erantzun, esan ezetz; jarrera ez bada niretzat onargarria, burua gora eta ezetz! Nire lagunek baietz diotela eta nik ezetz? Gora zu! Nire lagunak ere ezetz dioela? Lagundu eta aurrera.

Erasoak salatzen ditugu, erasoei aurre egiten diegu, baina noiz arte izan behar dugu harrapakin? 

Uda badoa, baina festak, egunerokoak aurrera segitzen du, eta beste behin errepikatzeko garaia da: ezetza, beti ezetza da! Nire, gure gorputza gurea bakarrik da! Nire dantza, nirea eta niretzako da, disfrutatzekoa, festarakoa! 

Kalea maite dugulako eta kaleak ere maite gaituelako, hortzak erakutsi, egin irri eta segi dantzan!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak