goiena.eus

Skate parkean transbertsalitaterik?

Erabiltzailearen aurpegia

Emakumeen Nazioarteko Eguna pasa berri da. Martxoaren 8an armairuko kareta morea jantzi eta kalera irten ginen. Ederto! Beste urte baterako kontzientzia zuritu dugu.

Nik Aretxabaletan burutu zen kontzentrazioan hartu nuen parte. Udaleko agintariek eusten zuten kartelak honela zioen: Martxoak 8 egunero izan dadila. 

Hitz horiek haizeak erraz eraman ahal ditu koherentzia puntu batekin esaten ez badira. Zer egingo dugu baieztapen hori egia bihurtzeko? 

Nik lan handia daukat oraindik egiteko. Konturatzen naizen gauzetan sakonduz eta konturatzen ez naizen horiek kontziente eginaz. Nire bidean, nora joan nahi dudan garbi daukat, tarteka trabatu arren. 

Bestalde, gai honen inguruan Udalak hartzen dituen erabakiek guregan eragin zuzena dutela uste dut. Martxoak 8 egunero izan dadila lema eta egunerokotasunean egiten dutena batera al doaz? Plangintzarik egin al da edo inflexio puntu batzuk markatu al dira pankartako lemara heltzeko? Baliabiderik jarriko al da?

Ni kezkatuta nago ondorengo datuekin. Gustatuko litzaidake zuetako bakoitzak baloratu dezala ea pankartako lema egia bihurtzeko bide egokian goazen. 

Berdintasun teknikari bat zuen herriak eta kendu egin dute, Berdintasun Sailaren aurrekontua %52 jaitsi da, ez dago ahalduntzeari begirako edo gizarteko esparru ezberdinetan berdintasunarekin loturiko lanketarik… Udalaren apustua Berdintasun Saila kendu eta berdintasuna transbertsal bilakatzea izan da. Ez dakit, ba! Transbertsal bilakatzeak aurre-lan handia eskatzen du.

 Egon al zarete skate parke berrian? Arrakasta handia izan du, ezta? Baina konturatu zarete skate parkearen genero erabileran? Bai, ba, beste espazio publiko bat gizonezkoen eskuetan. Berdintasuna transbertsalitatez landuko dela esatea ondo dago, baina ez dakit eztabaida isiltzeko besterik ez den esan. 

Jendartea aldatzeak esfortzu handia eskatzen du. Esfortzua eta nahi izatea!

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa