Rumore... Ibarra dela eta

Erabiltzailearen aurpegia Gorka Etxabe 2014ko ira. 29a, 12:02

Txutxu-mutxuetan oinarritutako iritziek balio handirik ez badute ere, araua hautsi beharko dut eta kaleko zurrumurruek diotena hartuko dut aintzat iritzia plazaratzeko.

Duranako kantoitik dator notizia! Izan beharko litzateke izenburua, baina gai serioegia da, eta pertsona askoren lanpostua jokoan dagoenez ahalik eta serioen arituko naiz. Entzun dut Ibarra kiroldegia kudeatzen duen UTEak, aldi-baterako enpresen baturak, Gabonetan utzi egingo duela, ezin duela gehiago, zorrak gorantz doazela, ixtera behartuta daudela. Zurrumurruek diote LKS, Athlon eta Ondoan badoazela eta kirol instalazioaren etorkizuna airean dagoela. Lehenik, bi urtetan egindako lana eskertu nahi diet publikoki. Kiroldegiko "bazkide" izan naiz ateak ireki zituenetik; txalotzekoa eta onartzekoa da kudeatzaile eta langileek eskainitako zerbitzua eta profesionaltasuna. Horregatik, legezkoa da eskerrak ematea. 

Hori esanda, eta jakinda gestioaren inguruan ñabardura asko egon daitezkeela, batez ere prezioaren inguruko eztabaidaz luze eta zabal ari gaitezkeela onartuta ere, gurako nuke etorkizunari begira jarri. Eta etorkizuna Ibarra kiroldegiarentzat 2015eko urtarrila da. Zer gertatuko da? Aretxabaletako Udalari eskatzen diot UTEaren nahiak entzuteko eta arduraz erantzuteko. Kiroldegiko kudeatzaileekin adostasunera iristeko. Eta gestio pribatuari laguntza publikoa eskaintzeko. Kudeatzaileek eskatzen omen diote (hemen konfirmazioa eta informazioa falta zait) Udalari ordaintzeko herriko kirol taldeen kiroldegiaren erabilera. Kantxa eta lokalen alokairua eta pertsonen joan-etorria. Era berean, eskatzen diote uraren kontsumoaren kuota gutxienez industriala izan dadila, edo-eta ur kontsumoaren gastua Udalak har dezala. Dirudienez, neurri horiek hartuta, enpresen apustua bideragarria izango litzateke. Aretxabaletarrok kiroldegia behar dugu, eta akordio publiko pribatua izan daiteke soluziorik onena. Ondoren, prezioen politikaz ere hitz egin dezakete, eta gutxien dutenei prezio egokiagoak eskaini. Ea, bada...

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak