goiena.eus

Asteburuko margoketak direla eta

Erabiltzailearen aurpegia
Asteburu honetan ezezagun batek edo batzuek egin dituzten margoketen harira EH Bilduk ondorengo gogoetak luzatu nahi ditu: Udal Gobernuak, hilaren 4ko Udalbatzaren bilkuran, urgentziazko mozioa sartu zuen asteburuko margoketak gaitzesteko. EH Bilduk 15 minutu lehenago jaso zuen testua eta jakinarazi genion aldez aurretik gobernuari hain epe motzean ez genuela erabakirik hartuko. Ostean, testua irakurrita, gaitzespenen jokoan sartuko ez ginela adierazi genuen. Bitxia da urgentziaren pertzepzioa bakoitzaren dogma politikoen arabera. Adibidez, oposizioak prentsatik jakin du udal langile batzuk labanaz mehatxatuak izan direla. Kasu horretan ez da urgentziazko bilkura edo moziorik egon. Lehentasun kontua izango da. EH Bilduren estiloa ez da margoketak egitea. Baina guk ulertzen dugunaren arabera, margoketak sintoma bat dira.

Euskal Herriko hainbat gai eta ezinegonen aurrean, hainbat talde eta mugimenduk duten komunikazio tresna dira margoketak. Donostia 2016an artelan kontsideratua izan dena, 2017an proskritoa da, Tabakalerako hizkuntza gutxituen mapa bezala. Bestalde, arrasatear testuinguruan ere, mozal ordenantzak ezinegon bat itxi ez zuenaren froga dira margoketak. Ez udal barruan, ez herriko eragileekin, ez zen adostasun handirik lortu eta ukaezina da ezinegona dagoela gaiaren inguruan. Mozioan ez zen horrelak asmorik atzematen. Salaketa hutsetik harago, gauzak handirik ez.

Bestetik, ondarearen errespetua begiradaren araberakoa ere bada. Batzuk Besaiden aurrerapena ikusten dute. Guk, berriz, AHTaren txikizioa ikusten dugu. EH Bilduk herriko historia eta kultur ondarea zaintzearen alde egiten du, baina jakin badakigu ezinezkoa dela margoketak guztiz ezabatzea Europako edozein hiriko kaleetan. Arazoa mahai gainean jarri eta adostasunak lortzen ahalegintzea da gakoa.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa