Hilketa matxistak salatzeko elkar gaitezen

Erabiltzailearen aurpegia EH Bildu Arrasate 2016ko eka. 22a, 16:17
Arrasateko EH Bilduk eskaera berezia egiten dizue herritar guztiei bihar, ekainak 23, 19:30ean eta Herriko plaza nagusian, Arrasateko Emakumeon Mundu Martxako plataformak eta Gaztetxeko Emakumeon Asanbladak deituta, Gasteizko eta Angeluko hilketa matxistak salatzeko egingo den elkarretaratzean parte har dezazuen. San Joan bezpera izanik ere, ezin gara festa giroan ezer gertatu ez balitz bezala murgildu, indarkeria matxistak eragindako erailketak ez direlako han edo hemen ematen diren gertakizun isolatuak, gure egunerokotasunean eta nonahi bizi dugun arazo sozial baten ondorio baizik. Sarri askotan jaien testuinguruan areagotu egiten direnak, gainera.

Emakume bat hil, txikitu eta haren gorpuzkiak ibaira botatzea ez da inola ere zoritxarreko eztabaida sutsu baten ondorio, Gasteizko hilketaren berri izan ondoren hainbat iturri mediatiko eta politikok iradoki zutenez. Eta emaztea eta bi alabak tiroz asasinatzea ez da drama familiar baten akabera tristea, atzo Baionako prokuradoreak adierazi zuenez.

Izan ere, indarkeria matxista era askotara agertzen da. Esparru sozial, politiko, ekonomiko, kultural, juridiko, sinboliko eta ideologikoan dago presente. Sistema patriarkalak indarrean jarraitzeko beharrezko dituen botere-harremanei eusteko tresna baita. Gu guztiok, emakumeak bereziki baina baita gizonak ere, mende hartzen gaituzten botere harremanok.

Eta horrexegatik da guztion ardura jendarte eredu berriak eraikitzen hastea, herritartasun aske, burujabe eta biziak eraikitzeko. Eta horrexegatik egongo gara EH Bilduko kideok biharko elkarretaratzean, indarkeria matxista ororekin amaitzeko gure konpromisoa adieraziz eta jendarte feminista eraikitzeko bidean gure ekarperak egiten jarraitzeko.

Bide batez, San Joanak ate joka ditugun honetan, festak askatasunetik eta beldurrik gabe gozatzera animatzen zaituztegu herriko emakumeok. Eta edozein indarkeria edota eraso zantzu sumatuz gero jarrera aktibo batez irmoki erantzuteko eskatzen, herritar guztioi, oro har.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak