EH Bilduren gobernuaren inposaketa eta arazoak kudeatu eta konpontzeko gaitasun eza salatu ditu Oñatiko EAJ-PNVk

Erabiltzailearen aurpegia EAJ-PNV Oñati 2017ko eka. 8a, 12:26
Legealdi erdian udal-gobernuak arazoei irtenbidea emateko gaitasun eza duela azaldu dute jeltzaleek eta, horien artean, kirol azpiegituren eta Kale Zaharreko zaraten gaia aipatu dituzte. Azpimarratu dute inorekin kontsultatu gabe hartzen dituztela erabakiak, inposaketaz baliatuta; halaxe egin dute, adibidez, Txaketuako itxierarekin, TAO sistemarekin eta erdigunea piboteekin ixtearen neurriarekin.

EH Bilduren gobernuaren gidaritzapean legealdi erdia igaro da eta Oñatiko EAJ-PNVren udal taldeak azken bi urte hauen balorazioa egin du: “inposizioan eta inprobisazioan oinarritutako bi urte izan dira, bai alor ekonomikoan, bai proiektuak gauzatzeko orduan; EH Bilduren udal-gobernuak ez du gaitasunik arazoei irtenbidea emateko”, adierazi du udal taldeak.

Adibide gisa, kirol-azpiegiturak aipatu dute jeltzaleek: “udal-gobernuak bi urte baino gehiago daramatza gaia lantzen, eta oraindik ez du inolako irtenbiderik eskaini egungo arazoei eta gabeziei aurreko egiteko”, azaldu dute. Horien artean, besteak beste, Eskola kirolaren gaia eta igerilekuaren saturazioa aipatu dituzte jeltzaleek: “hala, egunak aurrera doaz, uda badator eta igerilekua handitzeko proiektuaren inguruan ez du oraindik ezer erabaki”, adierazi dute. Horrez gain, udal-gobernuak oñatiarrek, eta herriko elkarte eta eragileek egindako eskaerak ez dituela aintzat hartu salatu dute, baita aurreproiekturik garatu ez izana ere. Ildo horretatik, gehitu dute EH Bilduren gobernuak gai asko zuzenean komunikabideetan aurkezten dituela “ondoren horiei, jarraipenik eman gabe”.

Kale Zaharreko gaueko zaraten arazoa dela eta, EAJ-PNVk neurriak proposatu ditu, baina EH Bilduren gobernuak gaur egun oraindik ez du inolako irtenbiderik eman: “azken bi urteotan behin eta berriz eskatu diogu Bilduren gobernuari Zaraten Mapa osatzea, egun indarrean dagoen araudia betearaztea edo, beharrezkoa balitz, inguruko bizilagunen parte-hartzearekin ordenantza berria egitea, modu horretan gaueko aisialdia eta bertakoek atsedenerako duten eskubidea uztartzeko; baina berriz ere, EH Bilduk ez dio arazoari konponbiderik emani”, adierazi du udal taldeak. Horren harira, bizikleten eta patineteen zirkulazioaren inguruko ordenantzaren gaia ere berdin dagoela gehitu dute jeltzaleek: “ez da ezer egin”.

Bestalde, Bilduren gobernuak erabakiak bere kaxa hartu eta horiek inposatu egiten dituela salatu du EAJ-PNVk. Halaxe jokatu du Txaketuako bidegurutzearen ixteko orduan, TAO sistema jartzerakoan edota erdigunea piboteekin ixteko neurria hartzean. Gauzak horrela, hauxe zehaztu dute EAJkoek: “erabakiak Bilduren gobernuaren bulegoetan hartzen dira, gehienetan udal-batzordeetan informatu edo eztabaidatu gabe; eta oraindik okerrago, herritarrei edo eraginpeko eremuetan bizi diren eta lan egiten duten merkatariei entzun ere egin gabe. Zentzu horretan ez du zuzen jokatu, ez baititu aintzat hartu erabakiek ekarriko dituzten ondorio eta arazoak. Erabakiak eta ondorioak behar bezala kudeatzea da kontua”. Horren harira erabaki onak ez hartu izana leporatu diote gobernuari: “horren adierazgarri dira mugikortasun urriko herritarren salaketak edota erdiguneko merkatariek dirua galtzen hasi izana. Esate baterako, San Migeleko kooperatibaren salmentak % 8,71 jaitsi dira apirilean eta “betiko” bezeroak urteetako harpidetzari uko egiten hasi dira”, adierazi dute.

Horrez gain, EAJ-PNVren udal taldea ez dago batere ados EH Bilduren gobernuaren aurrekontu politikarekin, eta planifikazio-falta eta eragindako arrisku ekonomikoa azpimarratu dituzte. Jeltzaleek honakoa adierazi dute: “Azken bi urteotan gastu-arauak eta jasangarritasun zein oreka-irizpideak betetzen ez dituzten aurrekontuak onartu ditu EH Bilduren gobernuak”. Ildo horretan, EAJ-PNVren udal-taldeak gehitu du Bilduren gobernuak, gehiengoari tinko helduta, herritarren poltsikoetatik ordaindutako eta gastu handiko erabakiak hartu dituela, horien artean, hondakin-bilketarako atez ateko sistema mantentzea eta kale-garbiketaren kudeaketa zuzenean Udaletik egitea. Kale-garbiketari dagokionean, argitu behar da lehen auzialdiko epaileak epaitutakoa betetzen bada, gaur egun kontratatu gabe dauden FCCko langile ohiei kalte-ordain altua ordaindu beharko diela Udalak. 

Bukatzeko jeltzaleek azpimarratu Bilduren gobernuak ekimen falta nabarmena erakutsi duela oñatiarren kezkei eta ardurei erantzuteko. Jeltzaleen iritzian, “bi urte hauetan ez du ezer egin herritarren elkarbizitza hobetzeko eta ez ditu aztertu eta eguneratu ere nerabeen alkohol-kontsumorako prebentzio-programak (beste hainbat udalerrietan garatzen ari dira: Azkoitia, Getxo, Ordizia, Vitoria-Gasteiz….)”.

“EAJ-PNV udal-taldea oposizioan egonik, EH Bilduren udal-gobernuaren jardunari neurria jartzen dio eta batez ere, etengabe lan egiten du ekimenak eta neurri berriak proposatuz herriak aurrera egin dezan. Esate baterako, 2017ko aurrekontuetan 30 proposamen baino gehiago egin genituen, eta EH Bilduren uda-gobernuak gehienak baztertu bazituen ere, proposamen sorta horrek bistako egin du EAJ-PNVren udal-taldearen jarrera eraikitzailea”, nabarmendu dute.

Horiek horrela, jardunaren jarrera eraikitzailea eta orain arte bezala lanean jarraitzeko konpromisoa berretsi dute jeltzaleek eta amaitzeko honakoa eskatu diote Bilduren gobernuari: “inposaketa alde batera utz dezala, har dezala elkarlan eta parte-hartzearen bidea eta arazoei irtenbidea eman diezaiela”.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak