OÑATIARREN EGUNGO BEHARRETARA EGOKITUTAKO UDALERRIA ERAIKITZEA, EAJ-PNVREN LEHENTASUNA 2017KO AURREKONTUETARAKO

Erabiltzailearen aurpegia EAJ-PNV Oñati 2016ko abe. 15a, 13:23
Oñatiarrak ardatz hartuta, herritarren beharrei erantzutea, tokiko ekonomia eta enplegua sustatzea eta Oñati udalerri hezitzailea eta jasangarria bilakatzea lehenetsi dute jeltzaleek. Oñati garatzea eta oñatiarren bizi-kalitatea hobetzea da helburua eta horretarako kontuan izan dituzte hauteskunde programa eta herritarren zein eragileen eskaera eta proposamenak.

Oñatiko EAJ-PNVk gaur goizean aurkeztu ditu prentsaurreko bidez 2017ko aurrekontuetarako proposamenak. Urtean zehar eta bereziki azken hilabeteotan oñatiarren eta eragileen ekarpen asko jaso dituzte jeltzaleek eta horiek guztiak kontuan izan dituzte, hauteskunde programarekin batera,  aurrekontuen dokumentua aurkezteko. “2017. urtean aurrera eramango diren proiektuetan oñatiarren kezka eta beharrei erantzutea da gure asmoa” adierazi du taldeko bozeramaileak, Lourdes Idoiagak.

 

Horiek horrela, proposamen horrek 5 ardatz estrategiko ditu: adin guztiei egokitutako kirol osasuntsua sustatzea, Oñati udalerri hezitzailea bilakatu eta kultura indartzea, berdintasunean oinarritutako udalerri lagunkoia eraikitzea, udalerri atsegina eta jasangarria sortzea eta sozioekonomia indartzea. Horretarako, ardatz bakoitzeko hainbat ekimen proposatu ditu udal taldeak eta guztiek helburu bera dute, Oñati hazi araztea eta oñatiar guztien bizi-kalitatea hobetzea, alegia.

 

Lehen ardatz estrategikoan adin guztiei egokitutako kirol osasuntsua sustatzea da helburua, modu horretara, oñatiarrek kirol-jarduerak kanpoan egiteko duten ohitura indartzeko. Horretarako, honako proposamenak egin dituzte jeltzaleek: San Martingo hariztian korrika egiteko bidea egokitzea, igerileku irekia (ur parkea) izango duen aisialdi gune berria sortzea, kiroldegian rokodromo homologatua egitea eta adineko pertsonentzako egokitutako gimnasia-makinak jartzea. “Oñatin kirolari asko ditugu eta urtetik urtera herritar gehiago dira kirola egiten dutenak, beraz, ohitura osasuntsuei heldu eta eta horiek adin guztietara zabaltzeko ezinbestekoa da kirola egiteko gune eta aukera berriak eskaintzea” adierazi dute jeltzaleek. 

 

Bigarren ardatzaren baitan, Oñatin udalerri hezitzailearen eredua bermatzea eta kultura sustatzea dira helburuak. Udalerri hezitzailearen eredua bereziki gazte eta nerabeei dago zuzenduta eta hori lortze aldera hainbat ekimen zerrendatu ditu udal taldeak. Aipagarrienak: 12-18 urteko gazteentzako udaleku teknologiko irekiak antolatzea –bideo-jokuen  sorkuntza, mekatronika, 3D diseiñua, robotika, dronak…–; 14-20koentzat ikastaroak sustatzea –sukaldaritza, longboard, parkour, jendaurrean hitz egiteko ikastaroa…– edota DBH eta Batxilergoko ikasleentzako Gogora Institutuaren programa martxan jartzea.  “Ezinbestekoa da gazteei aisialdiaz, bizikidetasunaz eta jarduera ludiko-hezigarriez gozatzeko aukera berriak eskaintzea haien autonomia sendotzeko” adierazi dute jeltzaleek. Kultur alorrean aldiz, Urteko Kultura Sariak eta Urteko Euskara Saria sortzea eskatu du Oñatiko EAJ-PNVk. Gainera, euskara batuaren sorreraren 50. urteurrena jasoko duen ikus-entzunezkoa egiteko beka bat ematea ere proposatu du.

 

Hirugarren ardatzari dagokionez, berdintasunaren aldeko apustuan, enpresa, sindikatu eta langileen artean kontziliazio erantzunkidea eta berdintasun-eskubideak bultzatzeko Plana garatzea eskatu dute jeltzaleek. Bestalde, argiteria hobetzea ere proposatu dute, herriko beldurguneen mapan identifikatutako gune ilunei erantzuna emateko: Bidaurreta, Olakua/Olapoto, Motxon, Arboleda eta San Lorentzo... Bukatzeko, Oñati Lagunkoia programa garatzea eskatu dute jeltzaleek adineko pertsonen zahartze aktiboa eta autonomia sustatzeko, boluntariotza indartzeko eta belaunaldien arteko harremanak eraikitzeko xedez.

 

Laugarren ardatzean, hirigintza atalean hain zuzen, Oñati udalerri atsegina eta jasangarria izan dadin bi gai garrantzitsu lehenetsi ditu udal taldeak: etxebizitzen inspekzio teknikoa (I.T.E) egitetik sortzen diren obrak diruz laguntzea (bizilagunen irisgarritasuna, efizientzia energetikoa…) batetik eta inguruko herrietan bezala hondakin-bilketarako edukiontzi-sistema ezartzea, bestetik. Horrez gain, jeltzaleek arreta berezia jarri nahi izan dute Oñatiko auzo eta erdigunean. Horiek horrela, irisgarritasuna hobetzeko hainbat neurri proposatu dituzte, besteak beste, erdiguneko txandakako aparkalekuak bi ordukoak izatea, Olakua-Olapoto eremurako Irisgarritasun Plana egitea,  San Lorentzo auzoko irisgarritasun-obrak bukatzea (12-24 bitarteko zenbakietan) edo bizikleten eta patineteen erabilera arautzeko ordenantza idaztea. Landa auzoei dagokionez, Argiteria Plan Orokorra egitea eskatu du EAJ-PNVk. “Neurri horiekin, oñatiar guztientzako herria eraiki nahi dugu, atsegina eta oinezkoen sergurtasuna bermatuko duena, alegia”, adierazi dute udal taldeko kideek.

 

Azken ardatzean, sozioekonomia garatu eta sustatzea helburu hartuta, enplegua eta ekintzailetasuna bultzatzeko plana martxan jartzea eskatu dute jeltzaleek. Horren baitan, langabetuek profesionaltasun-ziurtagiria lortzeko formakuntza-ikastaroak antolatzea, lanpostuak bilatzen trebatzeko enplegu anezka (lanzadera de empleo) dinamikak ezartzea eta ekintzaileei tutoretza zerbitzua eskaintzeko aholkulari espezializatuen laguntza kontratatzea proposatu dute. Halaber, tokiko merkataritzari, autonomoei, lehen sektoreari eta ETEei (PYME) zuzendutako beste laguntza plan bat ere proposatu du EAJ-PNVk, Ecommerce online plataforma martxan jarri ahal izateko, aholkularitza irtenbide birtuala eskaini ahal izateko eta belaunaldien arteko erreleboa gauzatzeko, besteak beste. “Hori gustia bideratzeko tresna egokiena  Lehiatila bakarra udal-zerbitzua da eta komenigarria litzateke zerbitzu hori behingoz martxan jartzea, sektore hauek garai berrietara egokitutako zerbitzua eskaintzeko aukera izan dezaten eta kanal ezberdinak erabiliz sareetan duten presentzia areagotu dezaten” azaldu dute jeltzaleek. Azkenik, Oñatiko Turismoko Plan Estrategikoa berregitea ere eskatu dute, bereziki, Oñatiko merkataritza eta ostalaritza biziberritzeko.

 

“Proposamen horiek guztiekin herritarren beharrei erantzutea, tokiko ekonomia eta enplegua sustatzea, eta Oñati udalerri hezitzailea eta jasangarria bilakatzea nahi dugu; horregatik, udal-gobernu taldeak gaurkoan hemen aurkeztu ditugun proposamenak aintzat hartzea eta horiek 2017ko aurrekontuetan jasotzea da EAJ-PNVren helburua” amaitu du Lourdes Idoiagak. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak