Kobazuloa 'revisited'

Erabiltzailearen aurpegia Diego Martiartu 2015ko mar. 27a, 00:00

Ikastetxeetan haur eta gazte hilketa masiboak egitearena aspaldiko tradizioa dugu Estatu Batuetan, baina munduko beste bazter askotan ere jazo izan dira, eta jazoko dira, halako gertakari lazgarriak.

Gaiaren gainean hamaika ikerketa egin dira, baita zuzeneko testigantza ugari jaso ere. Hil edo biziko muturreko egoera horietan irakasleek hartutako jokabideak ere halakoak izan dira, muturrekoak, bata bestearen antipodetan koka daitezkeenak. Ikerketen arabera, irakasle batzuek beren gorputza ezkutu gisa erabili izan dute ororen gainetik haurren bizia babesteko. Beste puntan, aldiz, haurren gorputz txikiak babesgarri moduan erabili dituzten maisu-maistrak daude. Egoera berean, erabat kontrajarritako jarrerak: irakasle heroikoak, batetik; koldarrak, bestetik.

Fuerza mayor izeneko filmean, aita ustez eredugarriak, elur-jausia gainera datorrela eta, bere familia abandonatu eta ihes egiten du koldarki. Aitaren biziraupen senak gaina hartzen dio familia babestekoari. Denak ateratzen dira onik ezbeharretik, alfa arraren rola izan ezik. Elur-jausiaren ondoren, erremedio barik erortzen ikusiko dugu idisko patetikoa. Alfa arraren dekadentziaren bidez, ikusmolde zaharrak zalantzan jartzen ditu filmaren egileak maisuki.

Ahaide hurbilenen aurretik bere bizia jartzen duen aitaren fikziozko kasuak askorako ematen du, ordea, eta batzuek, bista handiz eta euren barbakoara ahalik eta ikatz gehien erakarriz, beste buelta bat eman diote kontuari. 

Hor dugu, esaterako, emakumeei zuzendutako neocon usaineko webgunea, filmaren harira "ikerlan" baten berri ematen duena: "Emakumeek gizonek baino garatuago daukate umeak babesteko sena". Horratx konklusioa. Hortik aurrera, argi dago: amari dagokio etxean umezain egotea. Horixe ei da "naturalena". Ai, natura!

Lezetxikira bueltatu beharko dugu, natural-natural bizitzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak