goiena.eus

Hormak

Erabiltzailearen aurpegia   Iritzia

Uda hasieran joan ginen Kubara laguna eta biok, turista hitza bekokian itsatsita.

Heldu eta astebetera joan ginen Caibariengo hondartzara; ekaitzak harrapatu gintuen, eta alboko taberna txikian babestu ginen. Langileak kontatu zigun urtero betetzen dutela hondartza hareaz. Iraultza baino lehen harrizko horma lodiek banatzen zutela hondartza, eta alde batean biltzen zirela kolono zuriak, bestean herritar beltzak. Iraultza egin eta aste gutxira bota zituzten hormak, eta irentsi zuen itsasoak harea. Bereizkeria bakarrik ez, hondartza ere eusten zuten hormek. Biharamunean joan ginen pareko irletara, eta etzan ginen harea zurizko hondartza luzean. Oihuka etorri zitzaigun hotel bateko langilea. Ezin genuela hor egon, eta karteletik ezkerrera etzateko, hondartzaren beste ertzean.

Pasa dira aste batzuk, eta aritu naiz, ordutik, hangoa etxera nola ekarri asmatu ezinda. Saiatu naiz metaforari lotzeko zer edo zer idatzi guran, baina ez diot aurkitu neurriko konparaziorik. Inork aurkitzen badu, deitu nazala, mesedez. Ordainduko diot garagardo bat Donostian, edo kafe bat Bidarten.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa