Ekainaren 12an, arratsaldez, ospatuko du Arizmendik Ikastolaren Eguna

Erabiltzailearen aurpegia Arizmendi Ikastola 2015ko eka. 4a, 12:59
Iaz bezala, Ikastolaren Eguna ostiral arratsaldez ospatzea erabaki du Arizmendi Ikastolak, eta iazko lekuan izango da aurten ere, Biteri plazan, hain zuzen ere, ekainaren 12an.

Ospakizunaren irekiera 17:30etik izango da txalapartarekin eta ikastolako bertsolari gazteen agurrarekin. Ordu berean, hasiko dira martxan tailerrak, puzgarriak eta txosnak. Ikasleekin osatutako trikitilari talde batek girotuko du jaia taula gaineko ekintzak hasi bitartean. Bertan, 18:00etan ikastolako kideez osatutako musika talde instrumentalak gaur eguneko abestiak joko ditu. Ondoren izango da haurrentzako momenturik ederrena, izan ere, Argitxori ongietorria egingo diote Olarteko ikasleek eta Maider Alzelai ikastolako amak ipuin kontaketa eskainiko du txikientzat. Ordu berean, 18:00etan,  Lehen Hezkuntzako neska-mutikoek olinpiadak egingo dituzte Zaldibarko frontoian.  Bitartean, taula inguruan Santa Teresa, Arimazubi eta Gazteluondoko ikasleen ikuskizunez gozatzeko aukera izango dute bertaratutakoek eta amaieran, AZ Gaubelak taldearena.

Txorbela otxotea, Tuterako abesbatza eta Ziburuko ikastolarentzako tonbola 

Berritasunik ere egongo da aurten, eta horietako bi musikarekin lotutakoak. Alde batetik, Txorbela otxoteak ordubeteko emanaldia eskainiko du, hamalau abestiz osatutako saioan 20:00etan San Frantzisko elizan. Bestetik, Arizmendi Ikastolako abesbatzak Tuterako ikasleen abesbatzarekin batera abesti sorta bat kantatuko du Monte taberna parean. Biteri plazan, ostera, tonbola bat jarri da Ziburuko Kaskarotenea ikastolari diruz laguntzeko. Herriko hainbat komertzio, herritar eta enpresek doan eskainitako produktuei esker egingo da tonbola. Era horretan, ikasturtean ikastolak eskaini dion elkartasuna osatuko da. 21:00etan txosna gunean emango zaio amaiera egunari trikitilari taldearen doinuen laguntzarekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak