Aurten Ziburuko ikastolarentzat izango da San Migeletako azokan aterako den dirua

Erabiltzailearen aurpegia Arizmendi Ikastola 2014ko ira. 24a, 16:47
Aurten Ziburuko ikastolarentzat izango da Arizmendi Ikastolako Almen eta Basabeazpikoei esker San Migeletako azokan produktuak salduz lortuko den dirua

Datorren larunbatean, Aretxabaletako San Migeletako azokan Almeneko ikasleek beraiek ekoiztutako produktuak (hostorezko lazotxoak eta krispetak) jarriko dituzte salgai. Aurten salmentatik ateratako dirua Ziburuko ikastolarentzat izango da. Basabeazpikoek ere postu bat jarriko dute ekimenean laguntzeko. Arizmendi Ikastola hasita dago Ziburuko ikastolari laguntzeko dirua lortzen; aurreko asteburuan ikasle talde baten ekimenez, Arrasaten, Goikobaluko erromerian 116 euro lortu ziren ezkur-goxokiak (goxoki sinbolikoak) salduz. Ziburuko ikastolak eguneko 100 euroko isuna ordaindu behar du gauzak bideratu bitartean.

 

Gainera, salmentari dagokionez aurtengoan beste berritasun bat izango da, izan ere, larunbatean Tolosako babarrunak ere salduko dituzte. Ikastolako ikasle ohi batzuen gurasoek Tolosako babarrun beltza erein ohi dute eta 30-40 kg. ikastolari eman diote azokan saltzeko.

 

Aste honetan, beraz, sukaldari eta dendari lanetan ibiliko dira Almeneko ikasleak. Lehen ziklokoek hostorezko lazotxoak egingo dituzte; bigarren ziklokoek, krispetak, eta hirugarren ziklokoek oparitutako babarrunak salduko dituzte. Azken horiek, gainera, arratsaldean herriko plazan Beinke-Loramendi dantza egingo dute.

 

Bestalde, DBHko ikasleek ere hartuko dute parte azokan. Alde batetik, 2. eta 3.  mailakoek, jaia girotze aldera, tailerrak antolatuko dituzte, hala nola, aurpegi margotzea, jolasak… eta 4. mailakoek tartak salduko dituzte, ikasketa-bidaiarako dirua ateratzeko. Batxilergokoek ere euren ikasketa-bidaiarako dirua ateratzeko asmoz tortilak eta creppak salduko dituzte. Beste hainbat ikasle herrigintzatik bideratuko den talogintzan aritu dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak