Bazatoz gugaz santa-eskean?

Erabiltzailearen aurpegia Aretxabaleta Abesbatza 2014ko urt. 23a, 12:04
Atxabaltar, erdu gugaz, kalerik kale, Santa Agataren koplak kantatzen. Denon artean, herriko giroa berotzea lortuko dugu, egun hotz hauetan. Animatu eta etorri; 18:30ean elkartuko gara plazan. Eta, koplak nola diren jakin gura baduzu eta entseatzen hasi, beheraxeago topatuko dituzu.

Usadioa

Santa Agata bezperan -otsailak 4-, Euskal Herriko beste herri askotan legez, gurean ere santuaren nekaldiaren eta heriotzaren ohorezko koplak kantatzeko ohitura dago. Antzina, soldaduskara joateko adinean zeuden gazteak (kintoak) ziren taldeka aterik ate santa-eskean joaten zirenak, gero bazkari- edo afari-legea egiteko. Gurean indarrean jarraitzen du, oraindik, usadio horrek. Gaur egun, adin guztietako taldeak irteten dira kaleetara, hainbat helbururekin (bazkari edo afaria egitearena barne) dirua biltzera. Makilak eraman ohi dituzte, lurrean kolpeak emanez kantuari laguntzeko.

Santa Agata

Tradizioaren arabera, Santa Agata birjina eta martiria III. mendean bizi izan zen familia oneko gazte siziliar eder bat zen. Quintianus senatariak bere egin nahi izan zuen, Decio enperadorea kristauen aurka egiten ari zen jazarpena aprobetxatuz. Gazteak ez zion senatariari bere asmoak beteten utzi, ordurako Jesukristori baitzion hitza emana. Quintianusek, Afrodizia izeneko emakume zital baten laguntzarekin, Agata konbentzitzen ahalegindu zen, baina neskak ez zuen etsi. Senatariak, bere grinak ase ezin izan zituenez, mendeku-gosez, Agata torturatzeko eta bularrak mozteko agindua eman zuen. Hauxe izan zen Santuaren erantzuna: "Tirano ankerra, ez dizu lotsarik ematen umetan jaten eman zizun bularra bera torturatzea?". Ikuspen batean San Pedro ikusi bazuen eta hark zauriak osatu bazizkion ere, torturatzen jarraitu zuten, eta ikatz goritara bota zuten Siziliako Katania hirian (Italian). Kontatzen dutenez, Etna sumendiak eztanda egin zuen Santua hil ondorengo urtean, 250. urtean, eta Kataniako biztanleek laguntza eskatu zioten, laba hirira sartzea galaraz zezan. Orduz geroztik, hiri horretako eta sumendiaren inguruko zaindaria da, eta suaren, tximisten eta sumendien kalteei aurrea hartzeko deitzen dute. Oro har, emakumeen babesletzat ere hartzen da. Euskal Herrian, bereziki, osatu egiten duela esaten da.

Toki bakoitzak bere koplak dituenez, guk Aretxabaletan kantatzen direnak eskainiko dizkizuegu, melodia eta guzti. Esan beharra dago guk ez ditugula kopla guztiak doinu berarekin kantatzen: 12 kopla eta 4 doinu ditugu. Gainera, herriko gune guztietan ahapaldi guztiak kantatzea luzeegia izango litzatekeenez, 7 kopla kantatzen ditugu txandaka. Ikusi: Koplak Doinua 1. gunean 1 eta 2 1. doinua 3 eta 4 2. doinua 5 eta 6 3. doinua 12 4. doinua 2. gunean 1 eta 7 1. doinua 8 eta 9 2. doinua 10 eta 11 3. doinua 12 4. doinua

SANTA AGATAREN KOPLAK:

1 - Nere kristauak badakizute nor degun Santa Ageda,

lege zaharreko usadiuak kantuan gatoz atera.

Martiriuak esplikatzeko lizentziarik ote da,

sentimenturik izaterikan hemen ez degu espera.

 

2 - Zeruetara begiak altxa graziak eskatutzeko,

Santa Agedai zer pasa zaion hoieri esplikatzeko.

Printzipiuak onak zituan lehendabizitik hasteko,

martiriozko pena tristiak zeguan ikusitzeko.

 

3 - Gobernadore Palermokuak aginpidia bazuan,

Santa Ageda hain zan ederra bere andratzat nahi zuan.

Gizon haundia izanagatik hori logratu etzuan,

lehendabiziko nobedadiak hargatik izan zituan.

 

4 - Soldaduari agindu zion plazan azotatutzeko,

baldin mudatu nahi ez bazuen, bularrak ebakitzeko.

Sententzi ona pasa zioten, bihotza alegratzeko,

hoiek guztiak eginda gero, kalabozuan sartzeko.

 

5 - Krueldadezko golpe haiekin zutenian azotatu,

soldadu batek esaten zion aber nahi zuan mudatu.

Santa Agedak erantzun zion: Jesus nahi det nik amatu,

hobeagorik izango danik sekula ez det pentsatu.

 

6 - Aditurikan jende gaiztoak, heltzen diote berbatik,

kutxiloakin ebakitzeko bere bularrak hondotik.

Gorputz guztia estalirikan odolez bere petxutik,

probidentzia etzuan falta, Jaungoikoaren aldetik.

 

7 - Negargarrizko tristurarekin, bularrak oso kendurik,

kalabozura eraman zuten, silla batean harturik.

Ezin leikien inola bizi, izan ez balu grazirik,

zeinek ikusi ote du bada milagro haundiagorik.

 

8 - Handik hurrengo egunsentian juan ziran bisitatzera,

hura bizirik ikusterikan inork ez zuen espera.

Gure Santia sendaturikan atera zuten kalera,

milagro hura ikusi arren denak zeukaten kolera.

 

9 - Fede gabeko salbaje haiek ezaugerarik ez dute,

besterik ezin asmatu eta sorgina dala diote.

Gobernandore jaun horrengana aurkeztera daramate,

kristandadea galtzeagatik laster hiltzea nahi dute.

 

10 - Gobernadore traidore horrek sententzia du ematen,

plazan hiltzera eramateko, ez baldin bazen mudatzen.

Santa Agedak erantzun zion: Ez naiz batere bildurtzen,

zuen idolo Jaungoiko faltso etzait batere gustatzen.

 

11 - Heriotzara eraman zuten eurak nahi zuten moduan,

pena prankua pasatu arren, Ageda firme zeguan.

Agoniako ordu santuan, Jesusi hoska zeguan,

orain glorian gozatzen dago aingeruakin zeruan.

 

12 - Adios bada jende noblia, horra kantatu bizitza,

borondaterik baldin badago, limosna biltzen gabiltza.

Limosna ere hartu degu eta, orain abia gaitian,

adiosikan ez degu eta agur ikusi artian.

 

Doinuen partiturak hemen aurkituko dituzue:http://aretxabaletaabesbatza.kzcomunidades.net/eu/html/Albisteak/OTSAILAREN4AN1830EANETORRIGUREKINSANTAESKEANkoplakbarruan/21/382.shtml

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak