"Kolosala izan dadin"

Erabiltzailearen aurpegia Amaia Agirre 2012ko urt. 15a, 01:00

Aurreko larunbatekoa kolosala izan zen, bai!

Azken urteetan herriz herri egindako lan eskergaren isla. Egindako lan horren ondorioz Euskal Herrian preso eta iheslari politikoen eskubideen defentsak oinarri oso zabal eta anitza hartu duela esan dezakegu. Gaur egun, Euskal Herrian ia inork ez du Espainiako eta Frantziako gobernuek Euskal Preso Politikoen Kolektiboari aplikatzen dioten espetxe politika babesten, sekulako sufrimendua sortzen duen eta mendekuan oinarrituriko erabaki politikoek indarrean mantentzen duten espetxe politika. Arrasatetik 6 autobus eta hamarnaka kotxe joan  ginen Bilbora, dudarik gabe azken urteetan egin den herri mobilizazio handienera.

Manifestazioaren aurreko astean, etengabeko kriminalizazioa jasan zuen deialdiak hainbat komunikabide eta alderdi politikoren eskutik, mobilizazioarekin bat egin ez zutenen eskutik noski (horietako bi dispertsioa diseinatu zutenak, ezin ahaztu). Audientzia Nazionaleko mehatxua ere iritsi zen, eta mobilizazioaren egunean bertan probokazioa nagusi izan zen Autonomia kalera Aresek bidalitako Ertzaintzaren eskutik. Hala ere, euskal gizarteak erantzukizunez jokatu zuen, manifestazioaren aldarrikapena desitxuratu nahi izan zutenen asmoa ezerezean  utziz.

Mobilizazioaren dimentsioak ikusita, hurrengo egunean PSOEko eta PNVko agintarien diskurtso aldaketa etorri zen. Kaleak betetzen direnean bulegoetan zeresana egoten den seinale. Ein deigun bidie! ekimenarentzat positiboak dira hitzok, dudarik gabe. Baina euskal gizartearentzat hitzen garaia amaitu da, eta diskurtsoetatik ekintzetara pasatzeko ordua heldu da. Pausoak behar dira, konpromiso sendoak, behingoz espetxe politika konponbide klabeetan koka dezaten. Behingoz, preso politikoei aplikatzen zaizkien muturreko egoerak desaktiba ditzaten.

Barne ministroari, berriz, neurri kolektiborik ezin dela hartu entzun diogu, eta dena legearen barruan egin behar dela. Legea aplikatuz soilik, beraien legea; euskal preso guztiak Euskal Herrian egongo lirateke, preso gaixoak aske eta zigorraren 3/4ak beteta dituztenak ere bai. Hasi, bada, legea aplikatzen, ministro jauna! Eta neurri hauek guztiak ez al zaizkie kolektiboki aplikatzen? Ba, errepresio klabeetan kolektiboki hartu dituzuen neurri hauek konponbide klabeetara, eta kolektiboki noski, hartzea eskatzen dizuegu ekimen honetatik.

Bukatzeko, zuri, Bilbon egon zinen horri gonbidapen bat luzatu nahi dizugu. Jarrai ditzagun gure herrietako kaleak betetzen, jarrai dezagun preso eta iheslari politikoen eskubideen defentsan indarrak bilduz eta aktibatuz, konpromisoak handitzen. Eta Bilbon egon ez zinen horri ere gonbidapena, noski. Preso eta iheslarien eskubideen defentsak ideologia politikoetatik haratago joan behar duelako, Ein deigun bidie! ekimenak besoak zabalik hartuko zaituzte espetxe politika aldatzearen alde zaudeten guztiok, gatazkaren konponbidea eta espetxeak beteta izatea bateragarriak ez direla sinesten duzuen guztiok.

Herri bilguneetan parte hartuz, azken ostiraletan agertuz… Kaleak betetzen ditugunean bulegoak mugitzen direlako, kaleak betez soilik hustuko ditugulako espetxeak. Benetan kolosala izan dadin, Bilboko mobilizazioa oinarri moduan hartu eta jarrai dezagun urratsez urrats bidea egiten!

------------------------------

Amaia Agirre
('Ein deigun bidie' ekimena)
Arrasate

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak