Bateparbi ezetz!

Erabiltzailearen aurpegia Alex Labaien 2017ko mar. 3a, 07:15

Horixe geratu zitzaidan umetan burmuinean iltzatuta, ondo grabatuta.

Ez dakit nik zenbat urte izango nituen orduan, lau-bost bat edo? Nagusiei entzuten nien, boletan zihardutela lehengo piszinetako taberna ondoan, Mekolalden, Osintxun, San Martzialen… Beti berdin: "Bateparbi ezetz, bateparbi ezetz…".  Edo hala iruditzen zitzaidan, behintzat, niri. Zer esan nahi zuten? Bada, ez dakit. Apusturen bat, trabesa… Niretako, misterioa...

Beste kasu batzuetan, ostera, denborak berak eroan nau misterioa argitzera. Loiola Irratia entzuten zen gure etxean, eta nire oroitzapenen rankingean Itziarren semea-k toki destakatua badu ere, bazen beste kantu bat nire burmuinaren azken neuronetaraino bide egin zuena: Modula patri. 

Zenbat aldiz ez ote dut errepikatu kantuaren leloa: Eskuara baizik etzekiten haiek, mooodulaaa patriii…iiiii. Mooodulaa patriii… eta horrela, behin eta berriro, errepikatu eta errepikatu, besterik ez nekien eta. Urteekin frantses pixka bat ere ikasi dugu, eta jakin dut morts pour la patrie zela Gorka Knorrek kantatzen zuena. Misterioa argituta, beraz.

Dena dela, eta oraingo kontuetara etorrita, azken egunotan beste misterio batek nauka ni harrituta: irratian entzun nuen Urdangarin andre-gizonek Suitzan jasoko zutela Noos kasuaren epaiaren berri. 

Ezin nuen sinetsi. 

Nola zitekeen milioiak eta milioiak desbideratzeagatik epaituak Suitzan izatea epai zain? To, justizia!

Epaia entzun eta gero, irrikan nengoen jakiteko nolako kartzelan sartuko ote zuten zumarragarra, Narcos-eko Pablo Escobar Gabiriaren pare jarri eta berak diseinatuko ote zuen bere palazioa

Bada, ez, jaun-andreok! Ez dirudi halakorik ikusiko dugunik. Eta ez gaitezen horrela jarri. La justicia es igual para todos delako horrek garbi esaten du: igual bai, igual ez… 

Hau bai hau mi(ni)sterioa, (in)justiziakoa… 

Jokoa hain modan jarri zaigun honetan, bota dezagun trabesa: ezetz Urdangarin kartzelara joan! Bateparbi baietz!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak