Alex Labaien: "Euskararen debekuak"

Erabiltzailearen aurpegia Alex Labaien 2011ko eka. 17a, 02:00

Ekainaren 4an hitzaldi/mahai-inguru oso interesgarria izan da Bergaran Audientzia Nazionalari buruz.

Hizlariak: Mariano Ferrer, Artemio Zarco, Miguel Castells eta Juanjo Alvarez. Antolatzailea: Jose Luis Elkoro askatzearen aldeko plataformatik sortutako taldea.

Gutun hau idaztera eraman gaituena ekitaldia iragartzeko kartelean agertutako esaldi hau izan da: "Hitzaldi honetako partaideek ez zuten Euskaraz ikasteko edo jarduteko aukerarik, garai hartan gure hizkuntza debekatuta zegoelako. Horregatik, hitzaldi hau Gazteleraz izango da". Eta oso garbi utzi nahi dugu: esaldi hori eta ez beste ezer dugula kritikagai.

Hitzaldiak erdaraz antolatu izana justifikatzeko behar bat sumatzen da esaldian eta justifikazio-bide oso okerra hartu dela iruditzen zaigu: erruduna kanpoan bilatzea.

Lehenengo eta behin, jakinekoa delako hizlarien artean adin eta euskara maila oso desberdineko jendea dagoela; tartean, baita hitzaldia euskaraz emateko gai direnak ere.

Bestalde, badakigu euskararen historia debekuz eta zailtasunez betea egon dela eta dagoela gaur ere. Baina horrek ez du dena azaltzen. Bai azkeneko 70-80 urteetan eta bai lehenago ere denetik eman du euskararen historiak: beren seme-alabei euskara irakatsi ez dieten guraso euskaldunak eta gurasoek euskaraz jakin gabe ikasi dutenak, euskara ez erabiltzearen poderioz ahaztu egin zaienak eta ahaleginaren eta erabiliaren poderioz euskaraz bikain ikasi dutenak.

Gaztetan berreskuratu zuen euskara Telesforo Monzonek, euskaldun berria zen Federiko Krutwig, etxetik kanpo ikasi zuen euskara Txillardegik, nahiz gurasoak euskaldunak izan.

Federiko Krutwigen proposamenez hasi ziren 1950 inguruan Euskaltzaindiko bilerak euskaraz egiten. Sorreratik 30 urtetan gaztelaniaz egin izan ziren. Frankismo garaian ere batzuek gainditzen zituzten zailtasunak.

Gaur egun 20.000tik gora dira 50 urte baino gehiagoko euskaldun berriak. Euskara ulertu eta zerbait egiten dutenak, berriz, 80.000tik gora.

Euskararen etorkizunaren ardura ez da gurea bakarrik baina, batez ere, gurea da, euskara maite dugunona, euskara geure sentitzen dugunona. Euskararen geroa gutariko bakoitzak ikasteko, dakiguna hobetzeko, erabiltzeko… egiten dugun ahaleginaren araberakoa izango da, neurri handi batean. Gure koherentzia da gako nagusia.

Bukatzeko. Ez genuen idatzi hau argitaratuko ekitaldia gaztelaniaz izatearren, besterik gabe. Edonola ere, honaino helduta, bi hitz esango ditugu horretaz ere. Ez dugu dudarik, aurrerantzean ere gure bizitzan presentzia handia izango dutela beste hizkuntzek: gaztelaniak, ingelesak, beste batzuek… Guztion artean pentsatu beharko dugu nola uztar litekeen hori Bergaran euskara hizkuntza nagusi izatearekin, Bergara euskararen arnasgune izatearekin. Seguruena, guztion artean formula berriak bilatuaz joan beharko dugu. Besterik ez. Besarkada handi bat Jose Luisi. Mugituko da!

------------------------------

Alex Labaien eta Estepan Plazaola
Bergara

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak