Egutegiko argazkia

Erabiltzailearen aurpegia Aitor Ugalde 2015ko ira. 21a, 10:24

Zutabea idazteko gaia topatu nahian gora begiratu eta egutegiko argazkiak eman dit atentzioa: iraileko orrialdean futbol talde baten argazkia, Aloña Mendiko gazte taldeetako batena.

Aloña Mendiko futbol taldeen argazkiekin 2015erako osatutako egutegian talde honi tokatu zaio iraila; kasualitateagatik eta argazkiak hilabeteka banatzeko erabilitako irizpideagatik: talde handienetik txikienera daude jarrita argazkiak, mutilen talde guztiak aurrena, neskenak ondoren.

Egutegiak, ordea, ez dira ondo uztartzen futbolarekin, urte naturalak eta futbol urteak desberdinak direlako. Horregatik, Aloñaren egutegian azaltzen diren taldeak, aurreko denboraldikoak izaki, ez datoz bat oraintxe denboraldi berria hasi dutenekin. Iraileko argazkiko talde hori da denboralditik denboraldira izaten diren aldaketen adibiderik gordinena. Izan ere, denboraldi honetan Aloña Mendiko futbol sailean ez da egongo gazte mailako nesken talderik, eta ezta maila handiagokorik ere. Ondorioz, iraileko argazkian azaltzen diren jokalarietako bakar batek ere ez du Aloña Mendin jokatzen jarraituko.

Aloñarena ez da kasu isolatua, beste talde asko ere nesken ekipoak  osatu ezinda omen dabiltza. Ahul dagoenak ahalegin berezia behar du, eta, kasu honetan, nesken futbolak; baina ez da ahalegin hori antzematen. Ekimenak taldeetatik etorri beharko luke, eta ingurukook lagundu. Baina nago Aloñaren egutegiko argazkien ordenak ondo islatzen dituela zeintzuk diren futbolaren, eta futbol taldeen, lehentasunak: mutilak lehenengo eta neskak, baldin badaude, ondoren.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak