Kebab Boise

Erabiltzailearen aurpegia Aitor Ugalde 2014ko ots. 20a, 00:00
Horrela deitzen da Oñatin kebaba saltzen duten lekua; nik dakidanez, bakarra. Bitxia lekuari izena emateko egin duten hitzen uztarketa: kebab, Asiako janaria, eta Boise, Ameriketako Estatu Batuetako Idaho estatuko hiriburua.

Jatorri erabat desberdina kebabak eta Boisek, baina biak Oñatin elkartuta: Kebab Boise.

Ameriketako Estatu Batuetara joandakoak herrira itzultzean sortutako taberna Boise, berak ezagututako lurraldea gogoan. Denborarekin Asiatik etorritakoek hartu dute lekua tabernan eta janariak hango erara prestatuz bizimodua ateratzen saiatu. Munduko bazter desberdinetako biztanleen ibileren erakustokia taberna hau. Migratzaileak, etorkinak, batzuk hemendik joan dira eta doaz; beste batzuk etorri dira, eta badatoz, modu errukarrian asko, eta bidean hilda geratzen direnak, gehiegi.

Gure adinekook joandakoak baino gehiago ezagutu ditugu etorri direnak, baina hemendik joandakoak ere asko dira, Boise horren adibide, euskal jatorriko jende askoren bizilekua; eta badirudi hemendik aurrera ere gure seme-alabetako askok kanporako bidea hartuko dutela. Bitartean, Kebab Boise, Asiako eran prestatuko janari aukera zabala gurean, baina euskarak nahiko indarrik ez bertako menuak gure hizkuntzan jartzeko. Kebabak, hori bai, oso onak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak