Musuak Urtezaharretan

Erabiltzailearen aurpegia Aitor Ugalde 2011ko urt. 18a, 01:00

Atzean geratu dira Gabonetako ospakizunak, atzean Urtezahar egunetik Urteberrirako tartean emandako musuak eta besarkadak.

Gertutasun eta samurtasun horretatik zerbait gordetzea ona izango litzaiguke ohikoa esaten diogun bizimoduaren zurrunbiloan sartu garenean. Gertutasun eta samurtasun dosi txikia egun bakoitzerako, estreinatu berri dugun egutegi berrian orri ugari pasatu behar direlako zurrunbiloa baretu dezaketen gorriz markatutako egunak topatu arte.

Egunak egun, ia-ia urtarrilaren erdia egin dugu eta neguaren bihotzean sartu gara. Eta neguari elurra dagokio.

Negu honetarako elurrarekin batera berri ona iragarri zitzaigun. Neguan sartu baino lehen heldu zen elurrak ez zuen ekarri berri hori. Orain, elurra egiteko garaian, hego haizeak ekarri du. Itxaronaldia luzatzen hasia zitzaigun, baina heldu da.

Bere argi-ilun guztiekin, berri pozgarria da, itxaropenari atea irekitzen diona eta hori aldarrikatu behar da irakurketa ezkorren gainetik. Lerro artean dagoenak esan dezakeenaren gainetik, berriaren funtsa da garrantzitsuena: su-eten orokorra, iraunkorra eta egiaztagarria; bide politikoen aldeko hautua.

Urrats bat, aukera bat gure desberdintasunak bake giroan bizitzeko, hurrengo Urtezahar egunetako samurtasunean orain ematen ez diegunei ere, musuak eta besarkadak emateko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak