Udaltzainen malgutasunaren ondorioak

Erabiltzailearen aurpegia Agotz Iturbe Murgiondo 2015ko ira. 5a, 00:00

Uztailak 4, larunbata, 09:05. Atzeko kaletik autoz noa, udaletxe atzean biratu eta Kale Barrian gora joateko asmoz.

Zoritxarrez, asmoa bertan gelditu zen, Laboral Kutxa eta Kutxa bitartean zegoen erdiko pibotearekin topo egin baitzuen autoak, ez aurrera ez atzera geldituz. Berehala, ezer larririk gerta ez zenez eta trafikoa ez oztopatzeko, autoa baztertu nuen. Telefonoz aseguru konpainiarekin hitz egin ondoren eta grua bidaliko zutela ziurtatuta, udaltzainen bulegora jo nuen izandakoaren berri ematera. 

Bertan zegoen udaltzainarekin hitz egin nuen gertatutakoaren berri emateko. Lehenengoz eta behin, kale hori itxita egoten ohi dela esan zidan. Ados, horrela bada, horrela da eta ez daukat ezer esateko.

Autoa utzi nuen lekura bueltatu eta nire harridurarako pibotea falta zen! 

Bai Kutxako eta bai Euskadiko Kutxaren horman letra handiz eta argi eta garbi Kale Barrian autoak pasatzeko ordutegia azaltzen da: 08.00-12.00. Nola liteke pibotea kendu gabe egotea 09:05ean? 

Bigarrengoz, haserre bizian, Udaltzaingoaren bulegora itzuli nintzen. Galdetu nion ea nola zen posible duela 5-10 minutu kalea itxita egon ohi dela esatea eta orain irekita egotea, ordutegiak argi adierazten duenean 08:00etatik 12:00etarako tartea. Udaltzainak ez zidan inongo arrazoi logikorik ematen, eta, horretaz gain, errua nirea zela behin baino gehiagotan adierazi zidan. 

Honen aurrean erantzun gabeko hainbat galdera ditut: nola liteke kartelek eta ordenantza munizipalek ordutegi bat jartzea eta beste bat errespetatzea udaltzainek? 

Udaltzainek malgutasun bat omen dute piboteak kendu eta jartzeko; herritarrok malgutasun bera izaten al dugu gure zergak ordaintzerakoan? 

Autoa konpontzeko modurik gabe gelditu da, eta nork ordezkatuko dit?

Kontuz ibili ordutegiarekin Oñatiko Kale Barrian autoz joaterakoan, malgutasunaren izenean auto gabe gelditzeko arriskuan baitzaudete.

----------

Agotz Iturbe Murgiondo

Oñati

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak