Aintzane Oiarbideri

Erabiltzailearen aurpegia Ainhoa Gartzia 2015ko urt. 19a, 10:40

Aintzane Oiarbidek hau idatzi zuen aurreko asteko GOIENAn:

"Banatzen dugun materia organikoa ez da inolaz ere konpostatzen, Nafarroako Funesera edo Itsasuko zabortegira joaten da osorik".

Bergarako PNVko bozeramaileak esaten duena gezurra da. Funes eta Itsasukoak ez dira zabortegiak, konpost plantak baizik. Epeleko konpostaje planta bukatu bitartean, Azpeitiko Lapatxeko plantan tratatu ezin den organikoa Funes (Nafarroa) eta Itsasuko (Lapurdi) konpostaje plantetara eramaten da konposta egiteko.

Aldiz, zer egiten du zure alderdiak konpostaiaren eta birziklapenaren alde? Debagoieneko herriek baino PNVk kudeatzen duen zein herrik du birziklatze tasa hobea? Bizkaiko Foru Aldundiaren datuak Gipuzkoakoak baino hobeak al dira? Bizkaiak egiten duena egin behar al dugu? Bizkaian sortzen den hondakin organikoaren %4 soilik konpostatu, eta beste guztia erraustegian erre edo zabortegira botatzen dute. Eredutzat hartu behar al dugu hori?

2010ean, PNV Gipuzkoako Aldundian zela, Lapatxek nahikoa kapazitate ez eta gaika bildutako organikoaren ia erdia zabortegira bota zenuten (Berria: "Gipuzkoan bereizita bildutako organikoaren %40 zabortegira doa"). Konpostaiaren eta birziklapenaren alde zaudetela diozue, baina 2009rako Gipuzkoan eginak egon behar ziren hiru konpost plantetatik bakarra egin zenuten (Lapatxekoa), eta berau aurreikusita zegoen tamainaren erdikoa.

Europak ahal den guztia birziklatu eta konpostatu behar dela dioenean, zuek erraustearekin tematzen zarete Bizkaiko eredua jarraituz. Zuek ikusiko duzue, baina hitz egin ezazue garbi, eta gezurrik ez, mesedez.

----------

Ainhoa Gartzia 

Oñati

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak