"Ikastolak hemen beharrezkoak, han ezinbestekoak!"

Erabiltzailearen aurpegia Ainhoa Barberan 2012ko mar. 9a, 01:00

Arizmendi Ikastolakoek, Lodosako Ibaialde Ikastolaren egoera ikusita...

... Leintz bailarako hiru herritan, Eskoriatzan, Aretxabaletan eta Arrasaten, ekitaldiak egin zituzten otsailaren 24an (ostirala).

Ekitaldi horien helburua zen dirua lortzea herriko plazak betez eta bertako jendea animatuz.

Bazara batzordeko ikasleei ekimen horretan parte hartzeko proposamena egin zigutenean, birritan pentsatu gabe baiezko borobila eman genuen.

Ostiraleko atsedenaldian Almeneko ikasleak jolastokira irtetean, lagun koadrila handi bat ikusi genuen.

Zeharo harrituta geratu ginen Lodosako guraso, ikasle eta irakasleak zirela ohartu ginenean, ez baikenekien horrenbeste etorriko zirenik, 110 lagun!

Sekulako giroa jarri zuten ordu horietan normalean nahiko isilik egoten den futbol zelaian.

Trikiti eta pandero soinu artean hasi ziren ekitaldiak herri guztietan.

Hasieran haurrak nagusi izan arren, poliki-poliki gurasoak ere gerturatzen joan ziren, plazak giro bikainez betez.

Bertara hurbildu ginen guztiok elkartasunaren indarra zuzenean bizi izateko aukera izan genuen, eta baita zenbait momentu hunkigarriz gozatzekoa ere.

Eguraldia ere lagun izan genuen arratsalde osoan zehar, denon lana dezente erraztuz.

Haurrak ederki asko portatu ziren, Ibaialde Ikastolaren logoa aurpegian, globoetan edota paperean margotuz.

Lodosarrak animatzeko mezuak idatzi genituen guztiok muraletan, gure grinaren zati bat behintzat erakusteko asmoz.

Jendeak eskua poltsikoetara eramatea ere lortu genuen!

Jendearen borondatearekin zer lor daitekeen ikustea esperientzia aberasgarria izan da guretzat.

Arizmendi Ikastolako ikasle eta Bazara batzordeko ordezkari garen aldetik, zalantzarik ez dugu hurrengo batean ere horrelako zerbait sortuz gero laguntzeko prest egongo garela.

Izan ere, ekimen hau guretzako ez da betebeharra izan, plazera baizik.

------------------------------

Ainhoa Barberan eta Ainhoa Lete
(Batxilergoko Bazarako 16 ordezkarien izenean)
Aretxabaleta/Arrasate/Eskoriatza

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak